HEZKUNTZA NAFARROA
ELAk Hezkuntza Departamentuari prebentzio arloan utzikeria eta arduragabekeria leporatzen dizkio

ELAk ondorioztatu du Nafarroako ikastetxeen egoera, prebentzioari dagokionean, oso kezkagarria dela. Autoebakuazio planei dagokienez, ikastetxe asko egoera txarrean daude. Zerrenda luzea bada ere, Andrés Muñoz, Jose Mª Iribarren, Felix Urabayen edo CIP Elizondo aipa ditzakegu adibide bezala.
Irakasleen osasunaren harira, Hezkuntza Departamentuak sustatu behar dituen mediku-azterketen jarraipenean dagoen deskontrola era salatu nahi du sindikatuak. Honez gain, irakasleek jasotzen duten prebentzioari buruzko formakuntza guztiz eskasa dela ere ohartarazi du.
Departamentuak jartzen dituen baliabide eskasen adierazle da psikologoen kasua. Gaur egun, zorionez, osasun mentalari buruz hitz egin daiteke eta gizarteak gero eta garrantzi handiagoa ematen dio. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak soilik bi psikologo eskaintzen dizkie bere 11.000 irakasleri. ELAren ustez, kopuru hau guztiz eznahikoa da irakasleen osasun mentala behar bezala zaintzeko.
Bestelako arriskuak tratatzeko, Hezkuntza Departamentuak lau teknikari ditu Nafarroa osorako. Gainera, teknikari gutxi izateaz gain, haiek egiten dituzten txosten askok ez dute inolako jarraipenik izaten Hezkuntza Departamentuaren aldetik.
Azken bost urtetan, Nafarroako 23 ikastetxek arrisku psikosozialen ikerketa eskatu dute. Datu honek oso agerian uzten du ikastetxeen egoera kezkagarria dela. Autoebakuazio planekin gertatzen den bezala, prebentzio zerbitzuak arazoak identifikatzen ditu eta hobekuntzak planteatzen ditu. Dena den, esan bezala, gero eskaera hauek ez dute jarraipenik izaten Hezkuntza Departamentuaren aldetik.
Azkenik, prebentzio teknikarien lanpostuetan euskara eskakizunik ez dagoela salatu nahi du ELAk. Hala, Nafarroako Gobernua, herritarron eskubideak gutxiesten ari da.
ELAk egoera kezkagarri honen gainean jarraituko du Hezkuntza Departamentuak segurtasun eta prebentzio arau guztiak bete arte. Langileen ondoan egongo da orain arte bezala, lan osasunaren aldarrikapena mobilizazio guztietara eramanez eta Hezkuntza Departamentuari exigituz bere zereginak bete ditzan.