ELAk Hezkuntza Sailak Plangintza Batzordean izan duen jarrera salatzen du

2007/11/28
ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek Plangintza Batzordearen bileratik alde egin dute lansarien pizgarri berri eta diskriminatzaileek ikastetxeetan sortutako arazoetaz jarduteko bilera-datarik jarri ez duelako Hezkuntza Sailak.

Lansarien pizgarri berri eta diskriminatzaile hauek joan den ekainean Hezkuntza Sailak eta CCOOk gutxiengoan izenpetutako akordioaren ondorio dira. Akordio honek gai honetan –beste zenbaitetan bezala (55 urtetik gorakoak, egonkortasuna, irakastorduen murrizketa, lanpostu eta figura berrien ezarpena eta egonkortzea, …)– aurreko egoerarekiko atzerakada nabarmena ekarri du. Bi haien artean adostutakoaren arabera, historian lehenengo aldiz lansari plus bat ezarri da tutoretza baten irakasle titularrarentzat, alde batera utziz irakasle espezialistak.

Gainera, lansari plusik gabe utzi dira, nahiz eta lan bera egin, tutoretzen titularrak ordezkatzen dituzten irakasleak ere, Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko pertsonalgoa eta Lanbide Heziketako tutoreen zati bat.
Sistema diskriminatzaile honek giroa oso gaiztotzea ekarri du ikastetxeetan eta dagoeneko ugari dira idatziak, kexak eta ekimenak kaltetuek beraiek hasi eta egin dituztenak. Horrezaz gain ikastetxeen elkarbizitzan eta funtzionamenduan bertan ere arazoak sortzen ari dira, eta lehenbailehen zuzentzen ez badira, ondorio larriak izan ditzakete.

Horregatik, egoera honek ikastetxeetako elkarbizitza eta funtzionamenduaren gaiztotze are handiagoa saihesteko egoera honek premiazko konponbideak behar dituela jabeturik ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek duela jadanik hilabete eta erdi Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin zezan eskatu zioten Hezkuntza Sailari arazo honi aurre egin ahal izateko. Tamalez, ez da erantzunik izan eta gaurko bilera utzi izana beste presio-bide bat da egoera konponbidean jartzeko.