ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio azpikontratazio politika zeharo alda dezala

2016/03/10
Administrazioek sektore feminizatuetan gupidarik gabe jokatzen dute; murriztu egiten dute, horrela areago zigortzen badute ere aurretik aski egoera txarrean dagoen kolektiboa, emakumeena (hauek baitira soldata kaskar eta lanaldi partzialeko kontratu gehien pairatzen dituztenak). Hots, lan-baldintza hauek milaka emakume miseriara eta pobreziara bultzatzen dituzte.

Joan den otsailaren Hezkuntza Saileko garbitasun zerbitzuaren lehiaketa ebatzi zen. Lizitazioa honela egiten da: Hezkuntza sailak zerbitzua 9 sailetan zatikatzen du eta bakoitzarentzat prezio bat finkatu. Orduan lehiaketan parte hartzen duten enpresek sail bakoitzeko prezio bat eskaintzen dute, eta Hezkuntzak hainbat parametroren arabera -prezioa erabakigarria delarik- ebazten du zein enpresari esleitu sail horiek. Bada, azken lizitazio honetan hiru enpresak lortu dute zerbitzua: Garbialdi, Limpiezas Villar eta Uni 2; 3na sail izango dute.

Garbialdirentzat izango dira 1. Saila (Durango – Gernika), 5. Saila (Donostia-O/B, Kosta) eta 8. Saila (EHU-Eibar). Lizitazio prezioarekiko jaitsiera %14, %20 eta %23,5koa izan da, hurrenez hurren. Prezioa guztira: 11.012.414 euro.

Limpiezas Villarrek lortu ditu 2. Saila (Bilbo-Nerbioi), 4. Saila (Ezkerraldea/Kadagua) eta 9. Saila (Bilboko HEO). Lizitazio prezioa baino %10,%11,5 eta %10 merkeago, hurrenez hurren. Prezioa guztira: 9.155.316 euro.

Uni 2rentza dira 3. Saila (Bilbo/Eskumaldea), 6. saila (Deba/ Goierri), 7. saila (Araba). Kasu honetan lote bakoitzeko hasierako preziotik beherapena %14,7, %10,5 eta %11koa izan da, hurrenez hurren. Prezioa guztira: 17.652.607 euro.

Garrantzi handia du datuok ezagutzea. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratuta dago. Patronalak dagoeneko esan du mahai horretan oraingoan MURRIZKETAk egitea ezinbestekoa izango dela. Hitzarmenean jasotako lan-baldintzak murriztea da haien helburua; zehazki, baja eta antzinatasuneko osagarriak, eta soldatak izoztu eta are jaitsi nahi dituzte.

ELAk asmo hori ez du onartzen. Enpresek, ez beste inork, erabaki dute prezioa zeharo merkatzea. Enpresek hartutako erabakiak ez ditugu geure lan- eta bizi-baldintzekin ordainduko. Ez dugu murrizketarik onartuko. Mobilizatzeko prest gaude patronalak mahaiean ez badu bere jarrera erabat aldatzen.

Sindikatuaren ustez, arduradun politikoak daude praktika honen atzean. Azpikontratatutako sektoreetan oso lotuta dagozerbitzua zein preziotan esleitu den eta zein lan-baldintza aplikatzen den. Hezkuntza sailaren ardura denez zerbitzua zein baldintzatan eta nori emango zaion erabakitzea, bere errua da azpikontratetan lan egiten duten milaka pertsonen baldintzak okerrera egin izana: garbitasuna, eskola-jantokiak, eskola-garraioa, herrilanak. Martxoaren 8ko hitzaldi ofizialak hutsalak dira; ez dute ezertarako balio. Izan ere, praktika baita politika baten neurria. Eta honek genero desberdintasuna areagotzen du. Administrazioek sektore feminizatuetan gupidarik gabe jokatzen dute; murriztu egiten dute, horrela areago zigortzen badute ere aurretik aski egoera txarrean dagoen kolektiboa, emakumeena (hauek baitira soldata kaskar eta lanaldi partzialeko kontratu gehien pairatzen dituztenak). Hots, lan-baldintza hauek milaka emakume miseriara eta pobreziara bultzatzen dituzte.

ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu dio alda dezala ere Herri-Ekimen Legegilearekiko agertu duen jarrera; izan ere, ekimen honen helburua baita kontratu publikoetan klausula sozialak ezarri eta gehienbat emakumeak diren 55.000tik gora pertsonaren lan-baldintzak hobetzea.