Gipuzkoako metalaren merkataritza
ELAk hitzarmena berritzea lortu du, soldatak % 30,8 eguneratuz eta KPIari lotutako igoerekin
Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmenak sektore oso ezberdinetako 7.000 pertsonari eragiten die. ELAk ( % 59,65eko ordezkaritza du) aurreakordioa lortu du 2024tik 2027ra bitartean.
Hitzarmenak jasotzen du soldatak % 30,8 eguneratzea 2009tik 2024ra, eta 2025etik 2027ra igoera KPIaren araberakoa izango da. Gainera, KPIaren % 85eko igoera bermatuko da soldata tauletan ezarritakoa baino gehiago kobratzen dutenentzat.
Hitzarmen honek ultraktibitate mugagabea izateko klausulak jasotzen ditu, hau da, indarrean dagoen alditik harago aplikatzen jarraitzeko klausulak, eta enpresei hitzarmena ez aplikatzea eragozten dieten klausulak. Horrez gain, lanaldia 8 orduz murriztea, lizentziak hobetzea, larunbat arratsaldeak, igandeak eta jaiegunak jai izateko klausulak, euskara bultzatzeko planak eta sexu jazarpenari, sexuan oinarritutako jazarpenari, sexu orientazioari eta genero identitateari aurre egiteko protokoloak adostu dira.
Azken urteetan Hego Euskal Herrian erakutsitako konfrontazio eta greba gaitasunaren ondorioa da akordioa. ELArentzat oso albiste ona da hainbeste urteren ostean hitzarmen hau berritzea.