ELAk hitzarmena negoziatzea exijitu die Nafarroako ehungintzako enpresa nagusiei

Arropa eta osagarri zaharkituez jantzita, Nafarroako ehungintzaren sektoreko ELAko ordezkariek hitzarmena modaz kanpo dagoela salatu dute, “Este convenio está pasado de moda, eguneratu zaitez!” lelopean. Iruñeko Karlos III.a kaleko dendetan barrena ibili dira, sindikatuak sektoreko enpresa nagusiekin bilera sorta hasi duela jakinarazteko, hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.
Sektore horretan lan egiten duten gehienak emakumeak dira, saltzaileen kasuan soldata garbia ez da 1.000 eurora iristen, eta gehienek lanaldi partzialak dituztenez, kobratzen duten soldata erreala 300 eta 500 euroko tartekoa izaten da askotan. Hori guztia 6 eguneko lan astea izanik eta igande eta jaiegunetan lan eginez. Bien bitartean, enpresa nagusiek etekin ekonomiko handiak dituzte.
Azken hitzarmen kolektiboa duela 13 urte sinatu zen, 2009an, eta orduz geroztik luzatuta dago. Sinatu eta gutxira, sektoreko patronala desagertu egin zen. Orain arte ez da hitzarmena salatu (berria negoziatzen hasteko legezko baldintza) patronalik ez zegoenez Nafarroako hitzarmen kolektiboa erabat bertan behera geratzeko arriskua zegoelako.
ELAk hitzarmen kolektiboa berreskuratzeko eta berritzeko negoziazioa abian jartzeko ekimena hartu du; izan ere, 13 urte hauetan sektoreko langileek erosteko ahalmenaren % 17,4 inguru galdu dute.
Ekintza horren bidez, ELAk sektoreko langile guztiak animatu nahi ditu beren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat lortzeko antolatzera eta borrokatzera.