ELAk hitzarmenaren akordioa aurrekontuetan jasotzeko eskatu dio Foru Aldundiari
Gipuzkoako Erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazka orain urte terdi hasi zen eta mugababean dauden erresidentziatako langileek 365 greba egun beteko dituzte datorren astean.
Urrian zehar sindikatua Gipuzkoako batzar nagusietan ordezkaritza duten batzarkide taldeekin bildu zen eta oposizioan daudenei, EHBildu, Podemos eta PPri eskatu zien 2027ko aurrekontuak ez babestea baldin eta erresidentzia eta eguneko zentrotako hitzarmenaren adostasunik ez badago.
Maiatza geroztik negoziazio mahaia blokeatuta dago, Matia, Adegi eta LARES patronalek ez dutelako proposamen berriak egiteko ahalmenik.
Erresidentzia eta eguneko zentroen sektorean 5000 langile inguruk lan egiten dute eta %90ean Foru Aldundiak finantzatzen duen sektorea da. Gaur Maite Peña Gizarte eta Politika Sozialeko Diputatuak sail honetako aurrekontuen aurkezpena egin duen honetan, grebalariek elkarretaratzea burutu dute Batzar Nagusietan, eta Foru gobernuari ardura hartu eta hitzarmenaren akordioa barnebilduko duen aurrekontua bultzatzea eskatu dio.
Hitzarmenak ezinbestean sektoreak pairatzen duen partzialitateak sortzen duen prekaritatearekin amaitu behar du eta soldata arrakala murriztea ere ekarri behar du. Izan ere, gaur sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoa ez den kontratu partziala du eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala dago.
Azaroak 20 eta abenduak 22 eta 23an sektoreko greba berriak deitu ditu ELAk. Sektoreak pairatzen dituen arrakala ekonomiko eta enpleguaren prekarietatearekin bukatu arte borrokan jarraituko dute langileek.