Nafarroako erresidentziak

ELAk hurrengo Nafarroako Gobernuaren Akordio Programatikoan hitzarmena bermatzeko partidak sartzea eskatzen du

2023/07/04
Patronalek ez dute negoziazioan aurrera egiteko interesik lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak behar dituen sektore honetan. Gaur egun, estatu mailako hitzarmenak 1.792 orduko urteko lanaldia eta hileko 1.000 eurora iristen ez den soldata ezartzen du.

Nafarroako erresidentzietako lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia 2021eko maiatzean eratu zen, eta ordutik 24 bilera egin dira. Hitzarmenaren negoziazio mahai hori, beste edozein bezala, patronalak eta sindikatuek osatzen dute. Baina sektore hau diru publikoaren bidez finantzatzen denez, Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza bat ere joaten da bileretara. Beraz, sindikatuak behartuta daude patronalekin negoziatzera – putre funtsak, kasu batzuetan –, eta horiek sistematikoki argudiatzen dute negoziatzeko duten ezintasuna, jasotzen dituzten funts publiko eskasak direla eta.

ELA sindikatua oso kritikoa da hirugarren adinekoen zainketak azpikontratatzeko ereduarekin, eta sektorea publiko bihurtzearen aldeko apustua egiten du. Ez da onargarria langileek, gizartean egiten duten funtsezko lana kontuan hartuta, funts putreekin negoziatu behar izatea. Funts horiek negozio gisa ikusten dute sektorea, eta etekin ekonomikoa atera nahi dute langileen baldintzen kontura.

Baina erakunde publikoek publifikazioaren alde egiten ez duten bitartean, ELAk exijitu dio eta aurrerantzean ere eskatuko dio hurrengo Nafarroako Gobernuari sektoreko langileen baldintzak hobetzeko erantzukizuna har dezala eta beharrezko aurrekontu partidak onar ditzala 1.300 euroko soldatak eta 1.592 orduko urteko lanaldia jasoko dituen hitzarmen kolektibo bat lortzeko.

Adinekoen egoitzetako langileak jakitun dira modu kolektiboan egin dezaketen presioaren bidez soilik lor ditzaketela lan baldintza hobeak. Urteak daramatzate antolatuta, eta borrokan jarraitzen dute: 20 greba egun baino gehiago egin dituzte orain arte. Gainera, gizartearen babesa dute. Nafarroako Parlamentuak berak ere, aho batez, negoziazioan aurrera egiteko eskatu zion Gobernuari.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako hurrengo Gobernua eratzeko negoziazioetan, ELAk eskatu du hurrengo Nafarroako Gobernuaren Akordio Programatikoan Nafarroako erresidentzietako lehen hitzarmena bermatzeko partidak sartzea.