ELAk immigranteentzako boto eskubidea aldarrikatu du

2012/10/17
EAEko hauteskundeek berriro plazaratzen digute eskubide ezaren auzia. Kasu honetan, estatuko nazionalitaterik gabeko pertsonek (EBko zein beste estatuetako izanda ere) botoa emateko aukerarik eza. Igaro da beste legealdi bat eta eskubide honen aitortzarako ez da urratsik egin. Beraz, hauteskundeok berriro baliatu behar ditugu eskubide hori aldarrikatzeko.

 

Bi gauza izan behar dira kontutan eskubidea zergatik mugatzen den ulertzeko. Batetik, Atzerritarren Legeak ezartzen dituen murrizketak: immigrante askori bozkatzea galarazten die, jatorriko herrialdeekiko akordiorik ez bada sinatu. Bestetik, egoera hau aldatzeko borondate politikorik ez dago.

Horrela bozkatzeko eskubidea iritsi ezineko pribilegio bihurtzen da 151.162 atzerritarrentzat, hots, EAEn erroldatuta dagoen biztanleriaren %7arentzat. Pertsona hauek herri honetan bizi arren, lan egin eta zergak ordaindu arren, ez zaie eskubiderik aitortzen nork aginduko dien erabaki ahal dezaten.

Milaka lagunei funtsezko eskubide demokratiko hau ukatzeak estali egiten du egungo krisi ekonomikoa kudeatzeko moduak eta murrizketa sozial eta laboralek eragiten dieten haserrea adierazteko aukera; haatik, horrek guztiak zuzen-zuzenean egiten die kalte, egunez egun gizartetik baztertuta geratzen ari baitira euretako asko.

Egoera hau aldatzeko modua legoke pertsona hauek bozkatzeko eskubidea, demokraziaren oinarrian dagoen eskubidea, balute. ELAk uste du erakundeei eta bereziki klase politikoari eskatu behar zaiola aldarrikapenen artean aintzat hartzea immigranteentzako boto eskubidea. Izan ere, eskubideak urratzen diren lekuetan demokrazia osatu gabea, eskasa bihurtzen baita.