ELAk Inazio Uriaren hilketa gaitzetsi du

2008/12/03
ELAk gaitzetsi egiten du gaur eguerdian Azpeitian gertatu den Inazio Uria Mendizabal enpresario gipuzkoarraren hilketa, eta bere dolumina eta elkartasuna adierazi nahi die bere senide eta lagunei.

Euskal gizarteak honelako ekintzak arbuiatu egiten ditu, izan ere ondorioak samina, etsipena eta amorrua besterik ez baitira. ETAk behin betiko baztertu behar du estrategia hau. Gainera, bide horretatik tematzea, gaur enpresaburu baten bizitzaren aurka, euskal langileen interesen kalterako besterik ez da; kalte egiten digu ere gure herrian sakoneko aldaketa politiko nahiz sozialak eragin nahi ditugun guztioi.

Ezin da onartu, bestalde, iraganean –edo etorkizunean– honelako ekintzak beste azpiegitura eredu baten aldeko borroka sozialen aitzakiaz egitea; gaurkoa AHT litzateke. Borroka hauetan dihardutenek ez dute behar, eta ez dute eskatu, biolentzia erabiltzerik, eta ez dute horrelakorik justifikatzen. Aitzitik, armek dinamika hauek zikindu egiten dituzte. Hilketa berez gaitzestekoa da, eta aipatutako arrazoiak medio gurean garatzen ari diren herritarren borroketan ETAren aldetik onartu ezineko esku hartzea adierazten du.

ELAk dei egiten die langileei parte har dezaten bihar, osteguna, hilketa gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko egingo den bilkuran. Goizeko 10.30etan izango da, Altuna y Uria enpresaren egoitza ondoan (Loiolan).