ELAk Ipar Euskal Herriari buruzko ebazpena aurkeztuko du XI. Kongresuan

2004/11/09

Manu Robles-Arangiz Institutua Fundazioak bere lana Ipar Euskal Herrira zabalduko du

ELAren XI. Kongresuan -azaroaren 26 eta 27, Euskalduna Jauregia, Bilbao- Ipar Euskal Herriari buruzko ebazpen bat aztertuko da, hala erabaki baitu Nazio Batzordeak joan den astelehenean, hilak 8, egin duen bileran.

Ebazpenean, Nazio Batzordeak onarturiko ildotik, Pirinioetako bi aldeetako pertsonen eta erakundeen arteko harreman gero eta estuagoen berri jasotzen da. ELAk, bere aldetik, harreman horiek ugaldu eta sakontzea du helburu. Bereziki aztertzen dira ebazpenean Euskal herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuarekin ELAk izan dituen erlazio zabalak. Izan ere, sindikatu horrekin amankomunean daukagu, herrigintzaren helburua ez ezik, ekonomia eta gizartearen proiektu bat, indarrean dagoena baino bidezkoagoa, solidarioagoa eta iraunkorragoa.

ELAk arreta eta begirune handiz begiratzen du ELBren lanaren ibilbidea. Zehazkiago esanda, ELAren ustez, Laborantza Ganbera sortzeak, laborarien beharrizanak betetzeko asmoa izateaz gain, oso ongi erantzuten die laborarien eskakizunei eta baita Ipar Euskal Herriko gizarte eta politikako eragileen zein jendearen nahiei. Handik ere, gero eta ozenkiago eskatzen baitira herritarren egoerari, ezaugarriei eta borondateari lotutako esparruak eta tresnak. Laborantza Ganbera sortzeko proiektua, ikuspegi horretatik, subiranotasun praktikoaren adibide garbia den honek ELAren elkartasun osoa merezi du.

Bestalde, XI. Kongresuari proposatuko zaion ebazpenean Manu Robles-Arangiz Institutuaren lan-esparrua Ipar Euskal Herrira ere zabaltzea jasotzen da. Manu Robles-Arangiz Institutuak Iparraldean egin beharreko lanaren eragina, mugaz haraindi eta honaindiko jendeen eta mugimenduen arteko harremanak, elkar-ezagutzea eta lankidetza sustatu eta suspertzeko baliagarria izango delako itxaropena azaltzen du ELAk.