ELAk irabazi du langile finko eta tenporalentzako kalteordaina berdintzen duen EAE-ko lehen epaia
EAEko organo judizial gorenak bat egiten du auzitegi europarren tesiarekin: langileek lan-harremana amaitzean jaso behar duten kalteordainari dagokionez ezin da diskriminaziorik gertatu, finko zein aldi baterakoak direla ere.
Nabarmendu behar da Goi-Auzitegiak 20 eguneko kalteordaina finkatu duela lan edo zerbitzu jakin bat amaitzean, izan ere, epaian dioenez, aldi baterako kontratu mota edozein dela ere, hori izan behar baita zenbatekoa. Epaiak honakoa dio “(...) europar Ebazpenak azaltzen du kalteordain desberdinen auzia ez dela tenporalen artean gertatzen, hots, esaterako bitarteko eta lan jakin baterako kontratatuen artean (…), baizik kontzeptu orokorrago batean kokatutako langileen artean, iraupen mugatuko kontratua dutenen eta finkoen artean (...)”.
ELAk epai honi oso ona deritzo eta auzibidean europar epaien aplikazioaren alde egiten jarraituko du, hala kalteordainari dagokionez, nola iruzurrezko kontratuetan.