ELAk irakasleei hitza emango dien referenduma exijitzen dio Hezkuntza Sailari

2007/05/29
Maiatzaren 15, 16, 17, 18 eta 24an izandako greben ondoren, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok oso era positiboan baloratzen dugu deialdi horiek izandako jarraipen zabala. EAEko unibertsitatez besteko irakaskuntza publikoko sektore guztietako langileak zoriondu nahi ditugu, grebak gehiengo handi batez jarraitu dituztelako, bereziki maiatzaren 24ko greba bateratua.

Mobilizazio hauen jarraipen zabalak (%65) agerian utzi du langileek gaitzesten dutela Hezkuntza Sailak izan duen jarrera inmobilista, irakaskuntza publikoko sektore guztietatik (irakasle, zerbitzu, heziketa bereziko laguntzaile) egin zaizkion bidezko eskaeren aurrean. Gaitzespena are sakonagoa da irakasle funtzionarioen kasuan, CCOOrekin, ordezkaritza sindikalaren gutxiengoarekin alegia, eduki urriko eta zalantzazkoa duen aurreakordioa izenpetu ondoren.

Hori guztia kontuan izanda, unibertsitatez besteko irakaskuntza publikoko sektore guztietako langileen lan baldintzak hobetzeko eta eskola publikoa eta bere kalitatea bermatzeko giltzarri diren neurriak benetan negozia daitezen exijitzeko aldarria indartuta dagoela uste dugu.

Zentzu honetan, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGTk dei berezia egiten diogu Hezkuntza Sailari gatazka bideratzea ahalbidetuko duen konponbide guztiz demokratikoa onar dezan: galdeketa bat antolatzea, behar diren berme guztiekin, irakasle guztiei zuzendua, irakasleek beraiek adieraz dezaten euren iritzia Hezkuntza Sailak eta CCOOk sinatutako “oinarri akordioaz”.

Gaur goizean bertan, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGTk idatzizko eskaera bat aurkeztu dugu Eusko Jaurlaritzaren erregistroan, Hezkuntza Sailari exijituz galdeketa demokratikoa egin dadin irakasleen artean, berme guztiekin, Hezkuntza Sailak eta CCOOk sinatutako “oinarri akordioaz”.

Ez dugu bukatu nahi hedabideek bereziki jarraitu duten gai bat azpimarratu gabe. Hizkuntza normalkuntzaz ari gara. Zehazki, “oinarri akordioaren” atal horretan aurreko ikasturteetan egonkor izaera izan zuten irakasleei buruz adierazten denaz.Gai honetaz izan dira adierazpenak, “oinarri akordioaren” sinatzaileek beraiek eginak, ez soilik desberdinak elkarren artean, are kontrajarriak ere. Gauzak horrela, Hezkuntza Sailak bere burua behartuta ikusi du ohar bat, ustez arazoa argitzen duena, kaleratzera.Haatik, aipatu ohar horrek –non jasotzen diren aspalditik ezagunak diren hainbat puntu, besteak beste, bete behar duen lanpostuaren hizkuntza eskakizuna egiaztatua behar duela irakasleak (besterik ez genuen behar)– ez ditu azkeneko Mahai Sektorialean hizpide izan ziren funtsezko beste kontu batzuk argitzen.


Hauek dira Hezkuntza Sailak gaur arte publikoki argitu ez dituen puntuak, nahiz eta Mahai Sektorialen honetaz hitz egin den. Gaiak daukan garrantzia kontuan hartuta, argibide horiek berehala eman beharko lituzke Hezkuntza Sailak.