ELAk irakasleen izen ona lohitu nahi izatea salatzen du

2009/07/15
Arartekoaren txostenak sortu dituen ika-mikak direla-eta, irakasleen izen ona lohitu nahi dutela salatu du ELAk.

Arartekoaren txostenak sortu dituen ika-mikak direla-eta, ELA-Irakaskuntzak ondoko puntu hauek jakinarazi nahi ditu:

-          Hezkuntza Sailari atxikita dauden langile guztiek, irakasleek ere bai, zehatz-mehatz bete dituzte Sailak ezarritako betekizun guztiak, edukiei eta curriculumari dagokienez. Hori horrela izan da beti, Sailaren zuzendaritzan garai bakoitzean zein alderdi politiko egon den kontuan hartu gabe.

-          Urte horietan guztietan ez du inork auzitan jarri, ez Arartekoak, ez beste ezein erakunde sindikalek edo politikok, irakaskuntza publikoko langileen lana. Ez dugu ulertzen zergatik orain lohitu den irakasleen izen ona eta lana, susmoen itzala arduragabeki hedatuz.

-          Gogora ekarri behar dugu irakaskuntza publikoko langileek baliabiderik gabe egin behar izan dutela beren lana azken urteotan, irakaskuntza publikoan egin beharreko inbertsioa, diruz eta irakaslez, ez baita izan behar bestekoa, kalitatezko irakaskuntza publikoa eskaini nahi bada. Aipaturiko baliabide-urritasuna berdintzeko, irakasle askok berebiziko ahaleginak egin behar izan dituzte, haiek ere sentitzen baitira gizarte honen partaide. Izan ere, irakasleak ez dira sorgor gizarteak pairatzen dituen gaitzekiko, eta sentikortasun hori gure seme-alabei helarazten saiatzen dira.

-          Irakaskuntza Publikoaren egoera hobetu nahian, langileek gatazka bat baino gehiago bultzatu dituzte arestian, sortzen zaizkien erronkei aurre egiteko baliabide gehiago eskatuz. Baina hezkuntza-arduradunek itxurazko amaiera eman diete gatazka horiei, akordioak gutxiengo sindikalarekin eginez.

-          ELA-Irakaskuntzan uste dugu irakaskuntza publikoa sendotu behar dugula, baliabide nahikoak emanez, denek sartzea izan dezaten, eta gure gizarteak merezi duen kalitatezko irakaskuntza eman dadin.