ELAk ITUCen ezohiko bileran eskatuko du Qatar kasuaren erantzukizun guztiak argitzea

2022/12/16
ELAk oso larritzat jo du Qatargate izenez ezagutu den ustelkeria-eskandalua; horren ondorioz, ITUCen (Nazioarteko Konfederazio Sindikala) Luca Visentini idazkari nagusia atxilotu eta ondoren aske utzi dute

Ukaezina da egoera horrek nazioarteko sindikalismoaren irudian eragiten duen kaltea. ELAk gertatutakoari buruzko gardentasun osoa eta erantzukizunak argitzea eskatzen du.

Ildo horretan, ELAk, ITUCen afiliatu gisa, kasuari buruzko informazio osoa eskatu du, baita idazkari nagusia berehala bere postutik kentzea ere. ELAk erakundeetan edozein ustelkeria eragozten duten neurriak premiaz indartzeko beharra defendatu du.

ELAk ITUCek abenduaren 21ean egingo duen Ezohiko Kontseilu Nagusian parte hartuko du, eta bertan gai hori aztertu eta dagozkion neurriak hartuko dira.