ELAk Itunpeko hitzarmena betetzea exijitzen dio patronalari

2011/03/16
ELAk Patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrerak salatzen ditu eta norbanako erreklamazioak aurkeztuko ditu. Soldata eta lan-baldintzek krisiarekin zerikusirik ez dutenez, ELAk patronalei soldatak bere osotasunean ordaintzeko exijitzen die eta Eusko Jaurlaritzari sektore publiko osoan eta itunpeko irakaskuntzan inposaturiko murrizketak atzera bota dítzala.

ELAk jakitera eman zuen moduan, itunpeko irakaskuntzako langileek soldata murrizketak direla eta patronalen aurka ezarritako gatazka kolektiboa irabazi du.

Aurrez ELAk salatu moduan, sententziak arrazoi ematen digu eta soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko patronalek harturiko erabakia legearen aurkakotzat jotzen du. Era berean, patronalen ekimenak askatasun sindikala urratzen duela eta sindikatuen negoziazio ahalmena indargabetzen duela dio.

Nahiz eta gatazka honen hasieran patronalek adierazi epaitegiek arrazoia kentzen bazien murrizturiko soldatak langileei bueltatuko lizkiguketela, badirudi orain iritziz aldatu dutela. Epaia ezagutu bezain pronto Epaitegi Gorenean errekurtsoa sartuko dutela iragarri dute, Hitzarmenean adosturiko ez ordaintzeko intentzio garbiz.

Eta hau gutxi balitz, patronalak eta modu berezian Kristau Eskola, behin eta berriro ari dira esaten sententzia betez gero zentroak bere orokortasunean bideraezin bihurtuko liratekeela eta ELAri eragozten diote zentroak ixteko edo langileak kaleratzeko asmoa izatea. ELAri egiten dioten salaketa hau erabateko gezurra izan eta inolako oinarririk izan ez arren, ELAk inoiz ez baitu hartu antzeko erabakirik ezta hartuko ere, garbi utzi nahi dugu sindikatu hau izan dela itunpeko irakaskuntzako langileek beraien eskubide eta lan-baldintzako defendatzeko bermerik onena eta horrela izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. ELAk, beti egin duen moduan, azkenera arte borrokatuko du langileak defendatzeko, gatazka honetan zerikusia duten alde bakoitzari dagokion ardura eskatzeko eta inongo zentrotako langileen kaleratze edo itxiera galerazteko.

Patronalak mezu hau zabaldu nahi du murrizketek bere kontuetan eraginik izan ez dezaten eta pisu osoa langileen gain eror dadin, aurrez ere beraien lan-baldintzen okertzea pairatzen ari diren langileengan, hain zuzen ere. Honela patronalek bere gisara kontrolatu nahi dute gatazka eta bere kontuen eta zentro ezberdinen benetako egoeraren berri ematea ekidin.

Estrategia hau eragotzi ahal izateko, hain zuzen, eta langileok ekintza sindikalerako eta negoziazio kolektiborako eskubideari eutsi ahal izateko, ELAk norbanako erreklamazioak aurkeztuko ditu patronalek kendutako diru kopurua bueltatu dezaten.

Era berean, onartezina deritzogu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila epaiaren inguruan egiten ari den irakurketa eta erabilera. ELAk bere garaian salatu zuen moduan eta 2010eko uztailean erabakiaren aurka epaitegien aurrean helegitea aurkeztu, sektore publikoko langileen soldatak murrizteko erabakia guztiz onartezina da, are gehiago soldatek krisiaren sorrerarekin inolako zerikusirik ez dutela jakinik. Argi dago bestelako neurriak hartu zitezkeela eta hartu beharko liratekeela, zerga bidezko diru bilketa progresiboki handitzea besteak beste. Gainera, komeni da gogoraraztea itunpeko irakaskuntzan finantziazioa murriztearen erabakia Eusko Jaurlaritzak bere kabuz hartu zuela inola ere Madrilgo Errege Dekretuak horretara behartzen ez zuelarik.

Hau guztia kontutan izanik eta patronalek hitzarmena betetzeko duten ardura inola ere gutxitu gabe, ELAk Eusko Jaurlaritzari gatazka honetan duen erantzukizuna exijituko dio aurkeztuko dituen norbanako erreklamazioetan erantzule subsidiario eginez.

Beraz:

-ELAk patronalek hitzarmena bete dezaten exijitzen du eta itunpeko irakaskuntzako langileei kenduriko soldata zatiak bueltatu ditzatela

-Sodata eta lan-baldintzek krisiarekin zerikusirik ez dutenez, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio sektore publiko osoan eta itunpeko irakaskuntzan inposaturiko murrizketak atzera bota dítzala.

-ELAk norbanako diru kopuruen erreklamazioak aurkeztuko ditu murrizketak aplikatu dituzten patronalen aurka eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio erantzukizun subsidiarioa.