ELAk erabateko babesa eman dio Kataluniako prozesuari

2017/09/21
Gaur arratsaldean bilera izan du Puigdemont presidenteak ELAko delegazio batekin -Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak eta Joseba Villarrealek osatua-; goizean batzarrak izan dituzte Carme Forcadell Parlamenteko lehendakariarekin eta Jordi Turull Generalitateko Presidentziako kontseilariarekin. ELAk jakinarazi die arduradun politikoei prozesuari babes osoa ematen diola, baita goitik behera arbuiatzen dituela espainiar Gobernuaren erabaki errepresiboak, zeintzuk PSOEren eta Ciudadanosen babesa izan duten.

ELAk Generalitateko arduradunei esan die sindikatuak bere egiten dituela prozesuaren honako osagaiak:

1.- Erreferenduma bultza dutenek ondorioztatu izana bateraezinak direla Espainiako legea eta herri katalanak bere estatus politikoa erabakitzeko aukera duelako printzipio demokratikoa. Estatuak katalanen borondate demokratikoa gutxietsi egin du; halaxe gutxietsi zuen Eusko Legebiltzarrak gehiengoz bozkatu zuen Estatutu Politikoa. Espainiarekiko ustezko “aldebikotasuna” soilik honela da posible: subiranismoak bere posizio politikoari uko eginda eta Estatuak arlo guztietan -demokratikoa, soziala, politikoa, kultura eta autogobernuari dagokiona- inposatzen duen inboluzioa ontzat emanda. Espainiar legeak betoa ezartzen die katalanen nahiei, baina Kataluniak, bere gizarteak eta erakundeek erabaki dute ez daudela demokrazia katalanari ezarritako betorik onartzeko prest.

2.- Konfrontazio demokratiko hutsaren hautua. Honi eutsiz gero posible da egungo statu quoari gailentzea. Konfrontazio demokratikorik gabe aukera bakarra geratuko litzateke, Estatuaren erabakiak onartzera etsitzea. Katalunian bizitzen ari dena, ELAren ustez, politikarako bizigarria da, baina ez soilik hango politikarako; baita Euskal Herrirako eta estaturako ere. Kataluniako prozesu demokratikoaren aurka jarri direnak nazionalismo espainiarraren ordezkariak dira, edota politika elitearen monopolio gisa ulertzen duten agintariak dira; hauek gizartearen parte hartzea gutxietsi egiten dute. ELAk aintzat hartzen du prozesuan agerian geratu den ausardia politikoa: politiko haiek, printzipio demokratikoak ikurtzat hartuta, egitate argi bat azaltzen dute, alegia, beren boterearen oinarria herri katalana bera dela, eta honek erabakitzen duena errespetatuko dutela.

3.- Ezinbesteko mobilizazio soziala. Azken urteetako mobilizazio sozialik gabe Katalunia ez legoke orain dagoen puntuan. Gatazka hau politikoa da gatazka soziala ere badelako; alderantzira, gatazka soziala da erakunde demokratiko katalanak gauza izan direlako behin betiko ondorio batera iristeko: “autonomismo”aren iruzurrak honez gero ez du balio Kataluniarentzat. ELA bat dator, Euskal Herriari dagokionez, iritzi honekin.

Halaber, ELAk erabat arbuiatu du Espainiako Gobernuaren errepresioa. Demokrata ez direnek ez dute onartzen bozkatzea, ez dutelako galdu nahi; horregatik ukatu egiten diote jendeari parte hartze demokratikorako eskubidea. Beraz, une honetara ailegatuta, ELA ziur dago botere legegile, exekutibo eta judiziala nahas-mahasean dituen Estatu honen zigor-kodeak ez duela prozesua amaiaraziko. Errepresioa ez da nahikoa gizarteak gatazka politikoari eusteko erabaki irmoa hartu duenean, hots, errepresio politikoa jasaten duena amore emateko prest ez dagoenean. Deitoratzekoa da, hain zuzen, Espainiako hedabide gehienek oreka informatibo oro baztertu izana.

ELAren aburuz, gauzak horrela, Eusko Alderdi Jeltzaleak berehala eta behin betiko baztertu behar du PPren gobernuari egonkortasuna ematen dion babesa.

ELAk erakunde katalanen ausardia politikoa txalotzen du, eta dei egiten die langile katalanei erreferendumean parte hartu eta herri katalanaren burujabetzari babesa eman diezaioten.