ELAk jakinarazi dio Nafarroako Gobernuari ezinbestekoa dela SNE eta Lan Auzitegia beste era batera eratzea
ELA sindikatuko ordezkaritza bat, Batzorde Eragileko Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval buru direla, bildu zen atzo Nafarroako bi lehendakariordeekin –Manu Aierdi eta Miguel Laparra–, benetako aldaketa sozialean eta politikoan sakontzeko asmoz, eta orobat ELArentzat Gobernuaren jardunbidea murritza izan den arloetan aritzeko asmoz.
ELAk adierazi duenez, elkarrizketa arina eta erraza mantendu nahi du Nafarroako Gobernu berriarekin; alde horretatik, puntu jakinetan kritika egiten bada ere, harremana irekia, gardena eta, ahal dela, emankorra izan behar da.
ELAk dituen kezken artean Enpleguaren Nafar Zerbitzua eta Lan Auzitegia berriro eratzeko premiazko beharrizana dago, hori baita abiapuntua erakunde horiek beste era bateko diseinua eta behar bezalako jarduna izan ditzaten. SNEren kasuan ukaezina da alde biko hitzarmenak bertan behera utzi behar direla. Izan ere, aurten bertan Nafarroako aurrekontuetatik 9,5 milioi euro bideratuko dira CEN, UGT eta CCOO antolakundeetara. Herri-funts horiek enplegu-prestakuntzarako erabili beharko ziren, zentro publikoetan eman beharreko prestakuntzarako. Helburu hori albait lasterren bete beharko litzateke.
Besteak beste, ELAk adierazi dio, halaber, Gobernuari jarrera kritikoa duela proposaturiko erreforma fiskalarekiko, eta joan den astean onetsitako gastu-sabaiarekin. Gastu-sabai horren ondorioz 2016ko aurrekontuak azken urteotako doikuntzen ildotik joango dira halabeharrez.
Azkenik ELAk gogora ekarri du herri-langileen lan-baldintzak bertako negoziazio kolektibo baten bidez finkatu behar direla, kanpoko politika murriztailerik onartu gabe (Gobernu Zentrala, EB…).