SEKTORE PUBLIKOA
ELAk langile publikoen baldintzen gainbeherarekin amaitzea eta hemen erabakitzea exijitzen du
Azaroaren 27an, Jaurlaritzak sektore publikoko mahai orokorra deitu duenean, ELAk elkarretaratzea egingo du Lakuan, 100.000 langileen lan baldintzen gainbeherarekin amaitu eta hauek berton erabaki daitezen eskatzeko.
Izan ere, sindikatuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektua onartu duela sindikatuekin negoziatu gabe eta gainera, aurrekontu horietan argi geratu dela muzin egin diola lan baldintzak berton erabakitzeari. “Lehendakariak dio aurrekontuak zerbitzu publikoak indartzeko baliatuko dituztela eta Estatutua betearaziko dutela; bitartean, ordea, muzin egin diote zerbitzu publiko horiek aurrera eraman behar dituzten langileen lan baldintzak negoziatzeari eta Madrilen menpe utzi dituzte, beste behin ere”, kexu da sindikatua.
ELAren ustez, erabaki horrek argi utzi du Jaurlaritzak asmoa duela bere 100.000 langileen (Osakidetza, hezkuntza publikoa, Administrazio orokorra, Ertzaintza, Justizia...) lan baldintzen gainbeherarekin jarraitzeko.
Horrek zenbait ondorio izan ditu: hitzarmenak 2010az geroztik berritu gabe egotea; erosahalmenaren galera % 18tik gorakoa izatea; eta 50.000 pertsona baino gehiago egotea, ia langileen erdiak, behin-behinekotasun egoeran, Osakidetzaren kasuan, erdia baino gehiago. Sektore publikoko zenbait eremutan profesionalak falta dira , hein handi batean, lan baldintzak okertu egin direlako.
Gauzak horrela, ELAk adierazi du beharrezkoa dela mobilizatzea. ELAk gogorarazi nahi du EAJk PSOErekin adostu behar izan zuela gure lurraldean lan baldintza desberdinak ezartzeko aukera, aurreko ikasturtean sektore publikoan hiru eguneko greba deialdia egin ondoren.