ELAk Jaurlaritzaren osasun politika salatu du

2007/03/22
ELAk Osakidetzaren egoerari buruz egin duen balorazioa aurkeztu du Bilbon duen egoitzan. Txostenak gogor kritikatzen du Eusko Jaurlaritzaren osasun politika. Gabezia nabarmenak ikusten dira, eta bertara zuzentzen diren baliabide urrietaz kudeaketa oso txarra egiten dela azpimarratzen du txostenak.

Patxi Agirrezabala, Izaskun Garikano eta Julene Gabiola, Gizalan, Osakidetza eta azterketa bulegoko arduradunak hurrenez hurren, izan dira ELAren balorazioa aurkeztu dutenak. 2007ko aurrekontuen balantzea egiterakoan osasun publikora aurten iragan urtean baino diru gutxiago gastatuko dela nabarmendu dute. Aurten Barne Produktu gordinaren %4,20 bideratuko da osasun publikora; 2006an %4,30koa izan zen kopuru hori.

Izaskun Garikanok Osakidetzako arduradunen kudeaketa txarra ere salatu du. "Interes pribatuak gailentzen dira Osakidetzan. Gaixoarekin egoteko gero eta denbora gutxiago dago eta lanak handitzen doaz langile kopuru berarekin. Hori konpontzeko osasun sistema pribatura bideratzen dituzte gaixoak, eta hori ezin da onartu".