ELAk Jaurlaritzari eskatu dio bere proposamenean parte hartu duten adituen izena eman dezala
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Enplegu Sailarekin batera “Lan harremanen eredu berri baterako trantsiziorako proposamena” izeneko agiria egin duten “aditu”en izena eman dezala. Sindikatuoi eta patronalari helarazi digun testuak dioenez, berau talde baten lanaren fruitu da, baina ez da esaten nortzuk osatu duten talde hori.
Gardentasuna ikurtzat hartu duen gobernu batek ezin du ezkutatu aurkeztu digun agiri hori nork egin duen. Izan ere, datu jakingarria da, erabakitzeko pertsona horiek erreforma laboralei buruz, sindikatuen eginkizunari buruz etab. zein iritzi izan duten.
Nabarmentzekoa da Urkulluren gobernuak Rajoyrenak baino okerrago jokatzen duela: Espainiako gobernuak sarri bilatzen du “aditu”en babesa egin nahi dituen erreformetarako (laborala, pentsioena, fiskala, etab.), baina gutxienik horien izenak publikoak dira. Berton, ordea, ez da hori gertatzen, eta ezin da onartu gobernuak bere tesi bat sustatzeko erabili dituen iritziak nork eman dituen ilunpean izatea.