Lau eguneko lan jarduna
ELAk Jaurlaritzari eskatu dio ez diezaiola 6,5 milioi euro eman Fabrika Fundazioari (Adegi) egin nahi ez duen lanaldi murrizketa aztertzeko

CCOOrekin eta UGTrekin adostu zuten lau eguneko lan asteari buruzko froga pilotua egitea, Confebaskek Elkarrizketa Sozialeko mahaian gaia eztabaidatzeari betoa ezarri ondoren. Bada, Eusko Jaurlaritzak Adegiren Fabrika fundazioari egin dio azterketa hori egiteko enkargua. 2024ko aurrekontuetan 2,5 milioi eurotako aurreneko partida ezarri du lau eguneko lan asteari buruzko froga egiteko, eta aurreikusten du hiru urtean Fabrika fundazioari guztira 6,5 milioi euro ematea.
ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak, CCOOk eta UGTk egindako proposamenak ikuspuntu zabalagoa behar du: lau eguneko lan astearen ondorioak baino, lanaldiaren murrizketa orokortuak aztertu beharko lirateke. Hori egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak onartu du patronalari interesatzen zaizkion bestelako elementuak ikertzea, hala nola, lan baldintzetan izaten diren aldaketek enpresen irabazietan duten eragina. Hau da, lau eguneko lan asteak duen eragin zuzena aztertu beharrean, lanaldiaren murrizketa beste hainbat faktorerekin nahastuko da eta, ondorioz, lanaldi murrizketak duen eraginaren azterketa lausoagoa izango da.
ELAren ustez, onartezina da lanaldi murrizketaren aurka agertu den eragile bati horri buruzko azterketa bat egiteko enkargua egitea, eta gainera, horretarako 6,5 milioi euro esleitzea. Izan ere, Confebask gai horri buruz eztabaidatzearen kontra dago (Elkarrizketa Sozialeko betoak hala erakusten du) eta Adegik, Confebaskeko kideak, azterketa egitea onartu du azterketaren ondorioak baldintzatzeko aukera izango duelako. Horregatik, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio Fabrika fundazioarentzako esleitutako aurreneko 2,5 milioi euroko dirulaguntza kentzea. Eta, aldi berean, egin dezala lanaldi murrizketaren aldeko apustu irmoa, are gehiago enpresak izugarrizko mozkinak pilatzen ari diren testuinguru honetan.