MAIATZAREN LEHENA

ELAk ‘jo ta ke’ jarraituko du LGS hemen erabaki arte

2026/04/13
ELAk ‘jo ta ke’ jarraituko du LGS hemen erabaki arte
Milaka militante kalera aterako dira Bilbon eta Iruñean justizia sozialaren alde eta faxismoa zein inperialismoaren aurka borrokatzeko.

ELAk areagotu egingo du Hego Euskal Herrirako LGS bat lortzeko ahalegina (aurten gutxienez 1.500 euro): Maiatzaren Lehena bide honetako mugarria izan behar du. ELAren eta milaka militanteen eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea: inperialismoa, gerra eta, sakonean, faxismoaren aurka borrokatzea. Halaxe laburtu dute Mitxel Lakuntza (idazkari nagusia) eta Amaia Muñoak (idazkari nagusi albokoa) gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan. ELAk manifestazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, ‘SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte’ lelopean.

Aurtengo Maiatzaren Lehenean, ELAk uste du demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa izan behar direla borrokaren ardatzak. Une honetan, beste aldarri batzuk ahaztu gabe, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenak biltzen ditu borroka guztiak bat egiteko osagaiak. Lakuntzak adierazi duenez, “gizarteak gutxieneko soldataren aldarrikapena bere egitea” lortu zen greba orokorraren deialdiarekin, eta “prekaritatea eta hemen erabakitzeko eskubidea” agenda politikoan kokatzea lortu dela gehitu du.

Esaterako, M17ko greba orokorrerako prozesuan Emakumeon Eguna ospatu zen, eta ELAk irakurketa hau aurreratu zuen: ‘LGS 1.500: Justizia feministarantz!’. Egun, LGS jasotzen dutenen ia bi heren emakumeak dira; emakumeek pairatzen dituzte prekaritate egoerarik gogorrenak, eta sektore feminizatuak dira aitortza sozial gutxien dutenak. Gainera, oraindik ere, generoko soldataarrakala % 13koa da EAEn eta % 20koa Nafarroan.

Greba orokorraren ondoren, Arrazismoaren kontrako Eguna izan zen, eta ELAk hautatutako leloa, oso esanguratsua da: ‘Klase borroka antirrazista izango da; LGS 1.500, justizia sozialerantz!’. Bertoko eta migratutako langileen arteko soldata-arrakala Hego Euskal Herrian % 30ekoa baino handiagoa da; beraz, hemen finkatutako LGS baten onura handiena migratzaileek izango lukete.Nolanahi ere, beste hamaika adibide aipa genezake (aniztasun funtzionala, gazteak, etab).

Horregatik, hemengo LGS bat aldarrikatzea ELAren estrategiaren oinarrizko puntua da (sektore askotako negoziazio kolektiboan ere erronka eta faktore erabakigarria da), eta aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori ozenago egingo zaie patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei. Ildo honetan, Lakuntzak aldarrikatu du Lehendakariak “iniziatiba hartu behar” duela; “Batetik, Confebask zuzenean interpelatzeko eta, bestalde, gobernu gisa 1.500eko gutxieneko erreferentzia bere egiteko”.

Eskuina eta eskuin muturra LGSaren kontra agertzeak pista bat ematen du: faxismoaren gora doanean, soldaten aldeko borroka, definizioz, ekintza antifaxista da. Testuinguru honetan, Confebask “euskal gizartetik gero eta urrutiago” dagoela baieztatu du Lakuntzak: “Argi dago non dagoen Confebasken posizioa: industria militarraren alde eta edozein printzipio etikoen gainetik, ekonomiaren interesak defendatzen”.

LGS propioa lortuta, gero eta nabariagoa den beste printzipio bat frogatuko da: Euskal Herriaren burujabetza areagotu beharra dagoela. Zenbat eta gertuago erabakigunea, neurri politikoak are eta justuagoak izango dira. Behintzat hemen, non mugimendu sindikalaren mobilizazio gaitasuna gero eta handiagoa den eta ELAren autonomia politiko eta ekonomikoak bermatzen duen helburua argia dela, eta bidea, beti zuzena: Langile-klase bakar baina anitzaren defentsa, antirrazista, transfeminista, euskaltzalea, ekosozialista… Eta gaur, inoiz baino areago, antifaxista. ELAk ozen azpimarratuko du Maiatzaren Lehenean: “Ez dira pasako!”.