ELAk kalte-ordain erreklamazio bat erregistratu du gaur EAEko sozietate publikoetako 370 langileren izenean

2016/07/29
ELAk kalte-ordain erreklamazio bat erregistratu du gaur EAEko sozietate publikoetako 370 langileren izenean
Eusko Jaurlaritzak legearen aurka kendutako %5 a dela eta, ELAk kalte-ordain erreklamazioa aurkeztu du gaur 370 langileren izenean. Jaurlaritzak 2010 eta 2015 bitartean legearen aurka kendutako soldatak eskatu ditu.

Lan eta auzitegi-arloko gatazkan 6 urtez ibili ondoren, Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat deklaratu zuen Patxi Lopezen gobernuak EAEko enpresa publikoetako langileei egindako soldataren %5eko murrizketa. EAEko herri-langileek mobilizazioak egin zituzten, Eusko Jaurlaritzaren murrizketa horri erantzuteko; besteak beste, greba-egun bat euskal sektore publiko osoan.

Konstituzio Auzitegiak Aurrekontu Legearen 23.9 artikulua deusez deklaratu zuen 2015eko uztailaren 31ko Epaiaren bidez. Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Estatuko arauak (8/2010 EL-D) kidego hori soldata-murrizketatik kanpo utzi arren, Patxi Lopezen gobernuak bere kabuz egin zuen murrizketa, estatuko legeria urratuz. Konstituzio Auzitegiaren epaia eta guzti, Urkulluren gobernuak ez du atzera egin, sozietate publikoetako langileei egindako %5eko murrizketa horri dagokionez.

Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ondoren, Auzitegi Gorenaren epaia iritsi zen, ETB kondenatu zuena, 2010etik enteko langileei kendutakoa itzultzera, eta soldatak %5a gehiturik ordaintzera kondenatuz. Gero, EAEko Auzitegi Nagusiak eta Gasteizko Lan-arloko 4 zk.ko Epaitegiak, Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren irizpidearekin bat eginez, ekainaren 20ko,, uztailaren 7ko eta uztailaren 19ko epaietan, arrazoia eman zieten Eusko Irratiko langileei (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika), EJIEko langileei (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea), eta VISESAko langileei (Vivienda y Suelo de Euskadi S.A.), %5eko deskontua konstituzio-aurkakoa izan zela deklaratuz, eta enpresak kondenatuz lansariak 2015eko uztailaren 31tik (Konstituzio Auzitegiaren epaiaren data) aurrera itzultzera.

Eusko Jaurlaritzak legearen aurka kendutakoa itzultzeko asmorik ez duenez, ELAn auzibidea bultzatu dugu enpresa publiko bakoitzean, soldatak berrosatzea erreklamatuz. Eta, gainera, berariazko prozedura bat ere hasi dugu, 2010 eta 2015 bitartean 370etik gora euskal langileri legearen aurka kendutako soldatak kalte-ordain moduan ordainarazteko.

Labur esanda, Eusko Jaurlaritzari tinko eskatzen dioguna zera da: EAEko enpresa publikoetako langileei soldataren %5 murrizteko legearen aurkako erabakia berehala zuzentzea; eta milaka herri-langileri egindako diru-kalteak konpontzea.