arrazismoaren eta diskriminazioaren aurkako borroka

ELAk kanpaina bati ekin dio arrazismoaren eta diskriminazioaren aurka 1.500 atal sindikal baino gehiago aktibatzeko

2024/04/09
Atzerritarren soldata bertoko jendearena baino %45 apalagoa da, eta prekaritatea handiagoa: enplegu partzial eta behin-behineko gehiago dute, batik bat emakumeek. Lakuntza: “Mozkinak metatzeko migratzaileak egoera prekarioan hartzen dituzte zenbait enpresek; ELAk ahal duen guztia egingo du esplotazio horri aurre egiteko”.

ELAk prentsaurrekoan aurkeztu du ‘Guztion prekaritatea borrokatu. Hacia un sindicalismo antirracista’ kanpaina, eta datozen hiletan arrazismoaren eta diskriminazioaren aurkako borroka ehunka lantokitara eramango du. ELAk milaka militante aktibatu nahi ditu eginkizun horretan. Beraz, ‘Guztion prekaritatea borrokatu: Por un sindicalismo antirracista’ izeneko txostena eta auzi horretan jarduteko proposamenak eramango ditu gutxienez 1.500 enpresatako atal sindikaletara. Gogoratu beharra dago ELAren 192 ordezkarik eta ia 6.000 afiliatuk jatorri migratzailea dutela. Esaterako, Nafarroako Erriberan bost afiliatutik bat migrantea da.

Sindikatuak prentsaurreko honekin jarraipena eman nahi izan dio joan den martxoaren 20an (arrazismoaren aurkako egunaren bezperan) Irun eta Hendaia artean egindako ekitaldiari. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, “zenbait enpresak propio kontratatzen dituzte migratzaileak euren lan baldintzak areago prekarizatzeko eta euren etekinak puzteko, badakitelako kolektibo horren beharrizanak handiagoak direla. Migratzaileek lan merkatu prekarioagoan edo ezkutuan dihardute, eta irregulartasuna eta semiesklabotza sufirtzen dute. Langile migranteak antolatzea ere bada sindikatuaren lana. Borroka sindikalak behar ditu pertsona horiek, langile klaseko kide direlako, eta eurekin klase gisa indartsuagoak garelako”.

Leire Gallego Ekintza Sindikaleko arduradunak nabarmendu duenez, “migratzaileen eskubideak egunero urratzen dira: etxebizitza izateko aukeretan, laguntza sozialetan, etab. Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du EAEn etxerik gabe dauden 10 lagunetik 8k jatorriz atzerritarrak direla. Etxebizitza izateko zailtasuna migratzaileentzat are larriagoa da”. Halaber, EAEn DSBE edo Nafarroan EB jasotzeko onuradunak gutxienez 3 eta 2 urte erroldatuta egon behar du, hurrenez hurren; horrek kolektibo horren pobrezia iraunarazten du. Enplegu publikorako sarbidea ere migratzaile gehienentzat itxita dago, eta hezkuntzan sistema segregatzaile baten biktima dira”.

ELAk aurkeztu duen txostenean, diskriminazioa nagusi den errealitatea agertzen da. Adibidez, enpleguaren inguruko datuak oso larriak dira. Migratzaileek prekaritatea askoz ere gehiago pairatzen dute:

  • Behin-behinekotasuna: Batez bestekoa % 21ekoa da; aldiz, migratzaileen artean %26,4koa da EAEn eta % 57koa Nafarroan.
  • Partzialtasuna: EAEko migratzaileen % 26,9k du halako kontratu bat (emakumeen kasuan % 3,8koa da) eta % 21koa Nafarroan. Biztanleria okupatuaren batez bestekoa baino % 50 handiagoak dira kopuru horiek.
  • Soldata arrakala: Atzerritarren soldata ez direnena baino % 45,3 apalagoa da. Bi taldeon arteko arrakala 2021ean 12.625 eurokoa zen (urte horretakoak dira dauden azken datuak).

Aipatzen den errealitateaz mintzatzeko Miriam Ruiz Hernandez izan da prentsaurrekoan, Limpiezas Abando enpresako ELAko ordezkaria, eta salatu du migratzaileak jasaten duten arrazakeria estrukturala da iristen diren unetik: “Migratzaileek pairatzen duten pobrezia migratzaile ez direnena baino bost aldiz handiagoa da”.

Mitxel Lakuntzak eta Leire Gallegok adierazi dutenez, “ELAren konpromisoa da sindikatu antirrazista izatea. Horrek lantokietako ekintza ere interpelatzen du. Prekaritatea borrokatzen ari gara, eta auzi horretan zeharkako faktoreak dira generoa eta arraza. Azken urteetan migratzaile portzentaje handia duten makina bat lantokitan antolatu eta prekaritateari aurre egitea lortu dugu”; aipatu dituzten adibideak, Cecosa, NH eta Barceló hotelak, Navarpluma, Ferrovial, etab. Kanpainaren ardatz nagusia izango da konpromiso hori ELAko atal sindikalen bidez ehunka lantokietan gauzatzea, militanteak lan munduko arrazismoaren aurkako borrokan aktibatzeko. Sindikatuak Hego Euskal Herriko enpresetan gertatzen diren diskriminazio kasuak hobeto atzeman nahi ditu, prekaritatearen kontrako borroka sindikala hobetzeko. Ekintza horiek eguneroko lan sindikalean txertatuko dira, migratzaileek pairatzen duten soldata arrakala desagerrarazteko, baita lan munduko kolektiborik zaurgarrienetako bat izateagatik jasaten dituzten gainerako baldintza prekarioak ere. Hau da, ELAren xedea da aipatutako arrakastak lantoki guztietara eramatea.

ELAren aldarrikapenak honako hauek dira, besteak beste:

  • Europako Migrazio eta Asiloari buruzko Itunaren sinadura bertan behera uztea.
  • Frontex agentzia desegitea.
  • Lehentasuna da giza eskubideak, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak betetzea, ez enpresa eta kapitalenak. Merkataritza libreko Itunik ez. Herrien Itunaren defentsa.
  • Atzerritarren Legea indargabetzea.
  • Pertsona guztien erregularizazio administratiboa, erroldatzeko eskubidea bermatuz.
  • Jende guztiari eskubide berberak bermatzea, jatorri edota etniagatik diskriminaziorik gabe.
  • Migrazio gaietarako eskuduntza osoak Hego Euskal Herriko erakundeentzat.
  • Lan Ikuskaritzaren esku baliabide gehiago jarri irregulartasunak eta esplotazio kasuak atzemateko moduan izan dadin.
  • Migratzaileen prestakuntzarako baliabideak (arrakala digitala, euskara, etab.).

Txosten osoa hemen