ELAk kanpaina bati ekin dio, herri lanetan dagoen zapalkuntza salatzeko
ELAn urte asko daramagu salatzen enpresa batzuen pirateria, lan-ikuskaritzaren ekimenik eza, eta obrak eskaintzen dituzten erakundeen eta esleipena jasotzen duten UTEen arteko amarruak.
Labur esanda, egunotan hurrengo ekimen hauek sustatzen ari gara:
Sektore-hitzarmenetan zehapen-klausula batzuk sartzea, hitzarmenetan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten enpresak gogor zigortzeko.
Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako oraingo hitzarmenetan, CCOOek eta UGTk sinatutako hitzarmen horietan, ez da horren aipurik egiten. Hitzarmen horiek bete gabe uzten dira sistematikoki. Estatuko Hitzarmenean, probintzia-hitzarmenak ia-ia edukirik gabe utzi dituen horretan, ere ez.
Gipuzkoan eduki horien alde egin genuen borroka, 10 eguneko greba ere eginez.
Lau lurraldeetako batzar nagusiak premiatzen ditugu baldintza-orrietan horrelako klausulak sartzera, hitzarmenak betetzera behartzeko, eta bete ezean zehapenak ezartzeko.
Gaur arte ez gaituzte hartu ez Bizkaian, ezta Nafarroan ere, gai hori aztertzeko.
Gipuzkoan eta Araban, gehiengo desberdinekin, foru-arau bana eman zuten, non neurri batez gure eskakizunak jasotzen ziren. Arazoa bat bera da kasu bietan, erakundeek ez dituzte obrak ganoraz begiratzen.
110.000tik gora sinadura jaso ditugu, eta Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztu dugu Eusko Legebiltzarrean, eraikuntzaren eta gainerako sektoreen baldintza-orriak arautzeko lege bat atera dezaten.
Etengabe ari gara zapalkuntza-kasu zehatzak salatzen.
Azken kasuak Gasteizen antzeman ditugu, udaletxe berria eta Salburuko gizarte-etxea eraikitzeko obretan. Han aurkitutako lan-baldintzak eta bizimoduak lazgarriak izan dira.
Joan den urtean San Mames Barriaren eraikuntza-lanak ere aipatzeko modukoak dira. Horko eskandaluek antz handia dute, eskala txikiagoan, Brasilen Futboleko Mundu Kopa dela-eta gertatzen ari direnekin. Eta beste hainbat adibide ditugu, horra hor, Donostiako Tabakalera, Iruñako Navarra Arena edo, zer esanik ez, AHTren eraikuntza Euskal Herrian, non horrelako lan-baldintzek 7 hildako ekarri diguten orain arte.
Aipatu beharrekoa da, halaber, EHUko azken istripua, heriozkoa. Horren inguruan bai Eusko Jaurlaritzak, bai EHUko kudeatzaileek lasterka plazaratu dute dena behar bezala zegoela, nahiz eta langileak ezta kontraturik ere ez izan; eta erantzukizunik ukatzeko, obra esleitu duena EHU bera izan arren.