ELAk kanpaina bati ekingo dio Kimikako lan-baldintzak Euskal Herrian negozia daitezen
2021, 2022 eta 2023 urteetan CCOOk eta UGTk Madrilen hitzartu dituzten soldata igoerak %1, %2 eta %2koak izan dira, hain zuzen inflazioa oso altua izan den aldi berean. Hitzarmenaren iraupena bukatzea aplikatuko den KPIaren eguneratzearekin batera ez da atzerakinik ordainduko. Halako akordioak patronalarentzako oparia dira. Beste sektore batzuetan, esaterako Metalean, lehenik probintzia bakoitzean negoziatzen da eta, hortik abiatuta, enpresetako lan-hitzarmenak. Egia da ELAren bultzadari esker baldintzak kimikako enpresa ugaritan negoziatu direla, baina edonola ere estatuko hitzarmenak ezarritako oinarria oso apala da.
2024an berriro negoziatu behar da Kimikako hitzarmen estatala. ELAk hitzarmen probintzialak negoziatzeko saioa egingo du, Euskal Herriko errealitate soziolaboralari egokituak. Eskari hau funtsezkoa da eta, horregatik, ELAk beste sindikatuei dei egingo die aldarri honekin bat egin dezaten eta lurralde bakoitzean negoziazioa hasteko moduan izan gaitezen.
ELA saiatuko da soldatak estatuko hitzarmeneko taulen gainetik igo daitezen, horrela lortzearren kategoria guztietako soldatak bizitzeko modukoak izatea. Urtean 1.752 orduko lanaldia beste sektore industrial batzuetako lankideena baino askoz ere luzeagoa da, eta horregatik zeharo moztu behar da. Hitzarmen berri bat blindatu behar da, prekaritate eta diskriminaziorik ezarriko ez duena, EAEko lurraldeetan eta Nafarroan.