ELAk kargu hartu dio “Eskubideen Urraketen Udal Erretratu”en inguruan sortu den polemika artifizialari
1. Urte askotan ELAk salatu izan du ez zegoela gure herrian gertatutako giza-eskubiden urraketak jasotzen zuen erregistro ofizial zorrotzik. Hori dela eta, 2000ko hamarkada hasieran Manu Robles-Arangiz Institutua fundazioak Argituz kolektiboak egindako lana argitaratu zuen, “Sufrimenduaren mapa amaigabea” . Urrats txiki haren asmoa zen antzeko ikerketak argitara zitezen lortzea. Ordutik aurrera, hainbat adierazpen eta kongresutan, gure sindikatuak euskal administrazioei eskatu izan die urraketen erregistro hori osatze joan zitezela.
2. ELAren ustez Gasteizko gobernuak legealdi honetan gai honi buruzko proposamen eta lan interesgarriak bultzatu ditu; ekinbideok harrera desberdina izan dute beste eragile politiko eta sozialen aldetik. Aipatzeko modukoak dira horien artean, oso aktuala delako, urte amaieran torturei buruz argitaratuko dena (hainbat datu eta ondorioren berri eman da honez gero). Edota ETAren mehatxuak 1990 eta 2011 bitartean ertzainen kolektiboan eta hauen senideengan izan duen eraginari buruzko txostena.
3. Sindikatu honek uste du “Eskubide Urraketen Udal-Erretratuak” izeneko lana, ekinbide partziala izanagatik ere, gure herrian gertatu denaren inguruan egia argitze aldera bide egokitik doala. Txosten honen xedea, bere sustatzaileek esan duten moduan, ez da urraketak eta hauen egileak kalifikatzea. Eta ELAren iritziz guztiz egokia da txostenean beste askoren artean Iñigo Cabacas ere aipatzea; honek, ordea, bere memoriarentzat eta senideentzat oso mingarria gertatzen ari den polemika bidegabe bat piztu du. Iñigo Cabacas “Erretratu” horietan agertzea ez da inoren aurkako epaia, are gutxiago Ertzaintzaren aurkakoa.
4. ELAk deitoratu egiten du bakearekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten gai asko oraindik ere lehia alderdikoirako erabiltzea. Horregatik, sindikatuak exijitzen du eskubide urraketak pairatu dituztenen memoria ez dadila gehiago erabili asmo politiko ilunak dituzten kanpainetarako. Erabat arbuiatzekoa da Ertzaintzako sindikatu korporatibo batzuen erabakia, zeinek “irainak” medio Eusko Jaurlaritzaren aurka auzitara jo, arduradunen dimisioa eskatu eta manifestazioak deitu nahi dituzten.
5. Jaurlaritzak ertzainak eta terroristak parekatu dituela esatea gezur hutsa da, gobernu horri buruzko iritzia gorabehera. Eta gizarteari dei egitea Ertzaintza “defendi” dezan exekutiboaren ustezko “mehatxua”ren aurrean disparate bat besterik ez da. ELAk bere afiliatuei eskatzen die, batik bat ertzainei, ez dezatela honelako amarrurik irentsi.
6. ELAk uste du, gainera, oso susmagarria dela sindikatu korporatibo batzuk noiz eta orain balio demokratikoen aitzindari bihurtzea, eskubideak urratu direla salatu denean isil-isilik geratu izan direlarik; Cabacas kasuan azken bi Herrizaingo sailburuen zalantzazko jokabidea goitik behera defenditu dutelarik, edota inolako ñabardurarik gabe babesten dutenean ideologia antiterrorista, zeinak hainbat hamarkadatan gidatu duen oinarrizko eskubide zibil eta politikoen errepresioa.
7. Sindikatu honen ustez, edonola ere, Ertzaintza defenditu beharra dago, baina batez ere gobernuek bera instrumentalizatzeko egin ditzaketen saioetatik. Hain zuzen, ELAren aburuz Ertzaintzaren alde jokatzen du bere egintzak argitu nahi dituenak, eta ez ezkutatzen saiatzen denak. Ertzaintzaren alde egiten du kontuak zorrotz argitzea eta gardentasuna eskatzen duenak, aginte-katearen, Legebiltzarraren, gobernu eta botere judizialaren, Arartekoaren, gizarte zibilaren eta giza-eskubideen alde lan egiten duten nazioarteko taldeen aurrean. Ertzaintzaren alde dago egunero lan egiten duenak betebehar polizialaren iparra zerbitzu publikoa eta eskubideen bermea izatea nahi duena. Ertzaintzaren alde egiten du polizia-eredu zeharo zibila hobesten duenak.
8. ELAk duela hogeita hamar urte luze hartu zuen erabakiak Europako beste konfederazio sindikaletan ez dauka parekorik: polizia baten barnean klase-sindikatu gisa antolatzea ebatzi zuen. Bi arrazoirengatik egin zuen: Batetik, uste zuelako polizia, beste batzuen artean, gure autogobernuaren funtsezko erakunde bat zela. Eta bestetik, gure herrian lelo batek oihartzun oso zabala iritsi zuelako: “Alde hemendik!”. Sindikatuak duela hiru hamarkada hartutako erabakiari eutsi egingo dio, eta lanean jarraituko du polizia eredu jakin baten alde: zibila, demokratikoa, zerbitzu publiko dena, kontu ematen duena eta bere eginbidea giza-eskubideen errespetu eta promozio zorrotzean oinarritzen duena.