Erakundeetako arduradunek langabeziaren datuak arinkeria handiz aztertzen dituzte
Atzo kaleratu ziren langabeziari buruzko datuek honakoa adierazten dute:
-
Langabezia hazten ari da oraindik. Honez gero Hego Euskal Herrian 226.893 pertsona dago lanik gabe, hots, biztanleria aktiboaren %17,5.
-
Langabeen ia erdiak (%45,2ak) ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen.
-
Kontratu berrien %6 besterik ez da finkoa. Lanpostu berriak gero eta prekarioagoak dira: lanaldi partzialeko, prestakuntzako eta aprendizentzako kontratuak gehitu egin dira; hain zuzen, prekarietatearen datuak estatistika desitxuratzen du. Lan-kontratuak lanaldi partzialeko hainbat kontratutan zatikatzen dira, eta hauek, estatistikarako, lanaldi osoko kontratu finkoen parekoak dira.
Errealitatea gero eta latzagoa da, eta ELAk salatu egin behar du gobernuetako arduradunen arinkeria (Madrilen, Gasteizen...). Batetik, enpleguaren galbidea dakarten politikak -hots, erreformak, aurrekontu murriztuak...- bere gain hartzen dituzte, baina bestetik euren ardura saihestu nahi dute esanez “langabeziaren gainbehera leuntzen” ari dela. Hori da arduragabekeria politikoaren baliabide dialektikoa; beren jokabidea zuritzeko eta egiten duten politika ez aldatzeko manipulazio informatiboa erabiltzen dutenena.
ELAk datuon ardura gobernuei leporatzen die. Aurrekontuak moztuz herri-administrazioek enplegua suntsitzen dute, zuzenekoa zein zeharkakoa, azpikontratetan. Administrazioek egin dituzten azken aldiko baldintza-pleguen ondorioa enplegu galera eta prekarietate laborala da.