Osasunbidea

ELAk karrera profesionala pertsonal sanitarioari eta ez sanitarioari ezartzeko, eta TCAE langileen C maila onartzeko eskatuko du berriro

2024/02/06
Sindikatuak berretsi du Osasun Departamentuak, LABek eta UGTk iaz sinatutako akordioak ez zuela balio izan langileen lan baldintzak hobetzeko.

LABek eta UGTk akordioa sinatu eta hamar hilabetera (2023ko martxoaren 23ko greba deialdia baino 48 ordu lehenago sinatu zuten), Nafarroako Gobernuak karrera profesionala ezarri gabe jarraitzen du, eta 2024ko Nafarroako Aurrekontu Proiektuan ere ez dago horretarako aurrekonturik.

Akordioa zehaztasunik gabea denez, Administrazioak oraindik ez du karrera profesionala ezarri. Akordioak hitzez hitz zioenez, karrera profesionala ezartzea "aurrekontu esleipena egotearen" menpekoa da. Antzeko zerbait gertatzen da maila profesionalen egituraketarekin, konpromisoa Mahai Orokorrean lantzea baitzen, ez besterik.

ELAk berriro eskatuko dio biharko bileran SNS-Osasunbideari langile guztientzako karrera profesionala ezartzea (sanitarioei eta ez sanitarioei), eta maila profesionalen berregituraketa egitea, TCAE langileen C maila aitortuz. Era berean, ELAk uste du mobilizazioa funtsezkoa dela lan baldintzak hobetzeko, eta LABek eta UGTk greba deialdiak barne hartzen zuen mobilizazio-bidea itxi izana, edukirik gabeko akordio bat sinatzeko, tamalgarritzat jotzen du.