SIDENOR

ELAk kezka adierazi nahi du Jose Antonio Jainaga enpresariaren ikerketaren aurrean, gizateriaren aurkako delituetan parte hartzea leporatuta

2025/10/24
Sindikatuak gertakariak argitzea eta Israelgo estatuarekin harremana etetea eskatu du.

ELAk Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epailearen autoa ezagutu du gaur. Auto horren bidez, José Antonio Jainaga (Sidenorreko presidentea) ikertzen ari dira, ustez kontrabandoa egiteagatik eta gizateriaren aurkako delitu edo genozidio konplizitateagatik, baimenik gabe Israel Military Industries (IMSI) konpainiari altzairuzko partidak saltzeagatik.

Ikertutako gertakari horiek oso larriak dira. ELAk ahalik eta gardentasun handiena eskatu die ikertuari berari eta Sidenorreko zuzendaritzari.

Uztailaren 1ean, ELA, ESK eta LAB sindikatuek eta BDZ plataformak salatu zuten Sidenorrek Israelgo estatuarekin eta enpresarekin berarekin egiten zuela merkataritza. Posizionamendu horren ondoren, egoera horretan altzairua zerbitzatzeari utziko ziola iragarri zuen Sidenorrek.

Gertaera hori Auzitegi Nazionaleko epailearen autoan nabarmentzen da; izan ere, azpimarratu du ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales sozietatea ikertzea, enpresa horretako langileek zeregin aktiboa izan dutelako salaketa publikoa egiterakoan, bai eta ustezko delitu jarduerarekin hori galarazterakoan ere.

Beste behin ere, agerian geratu da giza eskubideen aldeko konpromisoa duten eta pertsonen eskubideen aurka doazen zuzendaritzen erabakien aurrean planto egiteko gai diren sindikatuak behar direla.

ELAk lanean jarraituko du Euskal Herriko enpresa eta erakundeek Palestinako herriaren genozidioaren erantzule izan den Israelgo estatuarekiko harreman oro eten dezaten.