bilera lehendakariarekin

ELAk kezka azaldu dio lehendakariari Jaurlaritzaren aurreneko erabakiek ez dutelako egiturazko aldaketarik jasotzen

2024/07/19
ELAk lehendakariari eman dio dokumentu bat Jaurlaritzaren 15 ekintza esparruetarako neurri zehatzekin. Gai horiek guztiak lehendakariarekin eta Jaurlaritzarekin eztabaidatzeko prest agertu da ELA. ELAk beste zerga politika bat eskatu dio Pradalesi, inbertsio publiko gehiago, euskararen aldeko apustu irmoa eta esparru juridiko-politiko berri baterantz egiteko konpromisoa.

ELA lehendakariarekin batzartu da gaur Ajuria Enean, Urkulluk sindikatuarekin hitz egiteari uko egin eta hamarkadaren ostean. Mitxel Lakuntza (ELAko idazkari nagusia) eta Amaia Muñoa (idazkari nagusiaren ondokoa) izan dira Imanol Pradalesekin. Bilera horrekin berreskuratu da Euskal Herriko sindikatu nagusiaren eta lehendakariaren arteko beharrezko elkarrizketa, eta ELAk aukera hori baliatu du lehendakariari emateko gobernuaren 15 ekintza arloetarako neurri zehatzak jasotzen dituen dokumentu bat; neurri horiek Jaurlaritzaren norabide aldaketaren neurria emango dute. Aldi berean, sindikatuak borondatea erakutsi du lehendakariarekin eta Jaurlaritzarekin aldebiko harremana izateko, lan egiteko eta balizko akordioak aztertzeko.

ELAk positibotzat jo du Pradalesen elkarrizketarako prestutasuna, baina gogorarazi dio benetan erabakigarriak izango direla gobernuak onartu beharreko erabakiak eta neurriak.
Ildo horretan, Lakuntzak eta Muñoak kezka agertu dute PSE eta EAJ alderdien arteko gobernu akordioarekin, ez duelako orain arteko gobernuen ildoa aldatzeko borondatea erakusten duten neurri zehatzik jasotzen. Gainera, ELAko ordezkariek lehendakariari adierazi diote ez daudela ados orain arte hartu duen neurri esanguratsuenarekin: datorren urteko aurrekontuetarako zero defizitaren alde egiten duen irizpidea, norabide kontinuista argia dena.

ELAko buruzagiek Lehendakariari galdetu diote zein aldaketa egingo dituen sakoneko erreforma fiskalik gabe eta aurrekontuak nabarmen handitu gabe. Zerbitzu publiko guztiek jasan duten kalteek behar dute aurrekontua handitzea. Premisa hori gabe, ezin zaio aurre egin Osakidetzaren premiazko hobekuntza bezalako arazoei, esaterako.

Gainera, Lakuntzak eta Muñoak Pradalesi adierazi diote eraldaketa sozial eta politiko bat behar dela herritarren beharrei erantzuteko eta gizartean gero eta handiagoa den desberdintasun ekonomikoa murrizteko. Zehazki, ELAk beste zerga politika bat eskatu du, besteak beste, Osakidetzan, zaintzan eta hezkuntzan inbertsioak egiteko.

Era berean, Harreman, Lan eta Babes Sozialerako Euskal Esparru bateranzko politika propioak eskatu dizkio ELAk lehendakariari, besteak beste, gure lurraldean LGS bat legez ezartzeko eskubidea izateko. Ildo horretan, marko juridiko-politiko berri baterantz aurrera egiteko beharra gogorarazi diote, aipatutako harremanen euskal esparrua, erabakitzeko eskubidea eta nazio aitorpenerako eta euskararen estatuserako berme juridikoen esparru propioa barne hartuko dituena.

Azkenik, ELAk lehendakariari jakinarazi dio politika sozial baten faltak eragindako arazoek (zerbitzu publikoen okertzea, pobretze prozesua, lan prekarietatea...) bere horretan jarraitzen duten heinean, sindikatuak langile klasearen antolaketaren eta mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko duela. Era berean, gogorarazi diote EAEko patronalak uko egin diola oinarrizko hobekuntzak onartzeari, besteak beste, KPIren igoerari eta soldata arrakalaren amaierari, eta grebek hitzarmen gehiago eta hobeak lortzea ahalbidetu dutela. Horregatik, lan gatazkak murrizteko modurik onena patronalaren jarrera aldatzea da, hitzarmenen negoziazioari aurre egin diezaion onartuta azken urteetan marka guztiak gainditu dituzten etekinen banaketa beharrezkoa dela.