ELAk Nafarroako konponketa lantegien sektoreko hitzarmena sinatu du

2016/03/09
ELAk Nafarroako konponketa lantegien sektoreko hitzarmena sinatu du
ELAren aburuz azken lan-erreforma onartu zenetik oraingo hau izan da Nafarroako sektore-hitzarmenik hoberena; eta horretarako, ELA sektoreko sindikatu nagusia izatea giltzarri izan da (%38,75ko ordezkaritza).

Martxoaren 9an bukatu da 4 urte baino gehiagoko negoziazioa, eta konponketa-lantegien sektore-hitzarmenaren inguruan akordio bat lortu da. Aitzinetiko hitzarmena 2012. urtean iraungi zen, eta harez geroztik mobilizazio ugari antolatu dira hitzarmen kolektibo on bat erdiesteko, sektoreko lan-baldintzak bermatzeko moduko hitzarmena.

Hitzarmen berriaren indarraldia 2018an bukatuko da, baina aurrera-eragin mugagabea jasota dauka, ez dauka atzera egiten duen atalik, eta hitzarmen kolektiboa babesteko klausula bat txertatu da, zeinaren arabera eduki apalagoko enpresa-hitzarmen bat sinatuko duten enpresei zigortuko baitzaie 200 orduko lanaldi-murrizketa batekin. Soldatei dagokienez, sinatu berri den hitzarmenari esker 2012. urtetik galdu den eroste-ahalmenaren zati handi bat berreskuratu ahal izanen da; zeren 2016rako igoera %2,5 finkatu da, eta 2017 eta 2018 urteetarako KPI+0,5, babes-klausula batekin KPI negatiboa izateko kasurako.

Patronalaren helburua, negoziazioko 4 urteetan, hitzarmen kolektibo berrian atal atzerakoiak sartzea izan da (txanda-kontratua eta aurrera-eragin mugagabea kentzea, soldata gutxiagoko sarbide-kategoria bat sartzea, lanaldia luzatzea eta malgutasuna areagotzea…)

Horregatik guztiagatik azken lan-erreforma onartu zenetik oraingo hau izan da Nafarroako sektore-hitzarmenik hoberena; eta horretarako, ELA sektoreko sindikatu nagusia izatea giltzarri izan da, eta baita sektorean diharduten langileen erabaki irmoa ere, gibelera begirako hitzarmen bat ez sinatzeko erabakia.