EUSKARA

ELAk Korrikaren Baionako bukaeraren festan parte hartu du

2024/03/24
ELAk Korrikaren Baionako bukaeraren festan parte hartu du
ELA sindikatuak gaur parte hartu du Korrikaren bukaeraren festan, eta ehunaka militante hurbildu egin dira Baionara euskararekin euren atxikimendua adierazteko. Horien artean egon da Mitxel Lakuntza (idazkari nagusia). Berari egokitu zaio azkenaurreko kilometro baten lekukoa eramatea, ELAkide guztien izenean. Berarekin batera, ELBko (Iparraldeko laborarien sindikatua) ordezkaria agertzen da argazkian.

Bi urtean behin euskararekin eta euskaldunon hizkuntza eskubideekin gure atxikipena berresteko aukera ematen du Korrikak. Korrika emozioa da. Korrika nortasun kolektiboa da. Eta Korrika Euskal Herri euskaldun baten aldeko aldarria da. Horregatik ELAk aurten ere bat egin du Korrikarekin eta beste sindikatu euskaltzaleekin batera langileon kilometroak izan ditu Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak erasotzen ari dira. Eraso judiziala, politikoa eta sindikala pairatzen ari gara. Erasotzaileek euskaldunak zanpatutako hiztunak beharrean pribilejiatu gisa azaltzen dituzte, gaztelaniaren erabateko hegemonia bermatzeko eta indarkeriaz lortu duen nagusitasunari ez diotelako uko egin nahi. Horren ondorio da EAEn hezkuntza lege berriaren bidez euskararen ezagutza bermatuta izango ez duten belaunaldi berriak izatea, Nafarroan atzerriko hizkuntzak meritu gisa jasotzea administrazioetan euskara meritu gisa debekatzen den bitartean edo Ipar Euskal Herrian ikasketa prozesu guztia euskaraz egin duten ikasleek azterketa ofizialak euskaraz egiterik ez izatea.

24. Korrikan ikusiko dugu elkar!