ATZERRITARTASUN ARAUDI BERRIA
ELAk kritikatu du ez dela gizarteak ezta migratuek ere behar duten neurria
Gaur, azaroak 19, Madrilgo Ministroen Kontseiluak onartu du milaka pertsonaren bizilekua eta lan baimena malgutuko dituen araudia. ELAk araudi berria kritikatu du, ez baita migratuek behar duten neurria, ezta gizarteak behar duena ere. ELAk gogorarazi duenez, duela bi urte Kongresuan aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea izapidetzen ari da, gure lurraldean bizi diren pertsona guztiak erregularizatzeko prozedura bat eskatzen duena (eta ELAk modu aktiboan babestu duela). Horregatik, ELAk azaldu du une honetan ez duela zentzurik araudiaren erreforma onartzea, HELn eskatzen dena aintzat hartu eta ebatzi beharrean.
Araudi berriak lan ardatzaren inguruan erregularizatu nahi ditu migratuak, eta ELArentzat horrek esan nahi du lan esku merkearen kontratazioa erraztu nahi dela. ELAk uste du erregelamendua Atzerritartasun Legearen garapen bat dela. Haren ondorioz, gaur egun milaka eta milaka pertsona babesgabe daude haien eskubide oinarrizkoenak urratzen direnean. “Erregelamendu berriak, erregularizazio prozesu batzuk errazten baditu ere, ez ditu aldatzen Atzerritartasun Legean ezartzen diren joko arauak”, sindikatuak adierazi duenez.
ELAk exijitu du, HEL onartzeak ekarriko lukeen pertsona guztien erregularizazioarekin batera, Atzerritartasun Legea indargabetzea, horren ondorio zuzena baita prekaritatea eta oinarrizko eskubideak ez bermatzea; osasuna, hezkuntza edo etxebizitzarako eskubidea bermatuta ez duten heinean. ELAk azpimarratu du Lege honek estigmatizatu egiten dituela migratutako pertsonak, bigarren mailako herritarrak bilakatuta.