ELAk kritikatu du Nafarroako Gobernuak alfonbra gorria jartzea Foruzaingora pasatu nahi duten Guardia Zibileko agenteei
UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-en zati batek onartutako 2018ko Polizien Legeak eta PSN, Geroa Bai, Podemos, EH Bildu eta Izquierda Ezkerrak onartutako Nafarroako Aurrekontuek (Bosgarren Xedapen Gehigarria) Foruzaingoan Guardia Zibilak sartzea aurreikusten dute.
Aste honetan bertan, Nafarroako Gobernuak pasabide hori emateko onartu dituen baldintzak ezagutu ditugu, eta ELAk, integrazioaren aurka egoteaz gain, Guardia Zibilari eman nahi zaizkion abantaila eta pribilegio guztien aurka dagoela erakutsi nahi du:
-
Foruzaingora pasatu nahi duten Trafiko Unitateko Guardia Zibileko agente guztiek egin ahal izango dute. Ez zaio plaza kopuruari mugarik ezarri, plaza kopurua dagoen eskarira egokituko da.
-
Foruzainek ez dute jasoko Foru Aurrekontuetan ezartzen den ordainsaria, jasotzen zituzten plus eta baldintza onuragarrienak kobratzen jarraituko dute.
-
Pasabidearen bitartez sartuko diren kideak ez dira trafikoko eginkizunak betetzera mugatuko; lekualdatze-lehiaketetan parte hartu ahal izango dute. Hau da, plazak betetzeko ohiko prozesuen bidez, beste edozein lanpostu bete ahal izango dute.
-
Gainera, mugikortasun-prozeduratan Guardia Zibiletik dakarten antzinatasuna kontuan hartuko zaie, foruzaingoan lanean aritu izan balira bezala.
Foruzaingoak trafiko-eskumena bere gain hartzea lehen urratsa izan behar da Foruzaingoaren garapen integralerako, polizia-ereduari buruzko eztabaidari ere ekin behar baitio. Ildo horretan, ELAk Foruzaingo profesional baten aldeko apustua egin du, izaera zibilekoa, genero-ikuspegia duena eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituena.