ELAk Kutxabanken pribatizazioren aurkako kanpainari ekingo dio
Adolfo Muñozek azpimarratu zuen atzo bere Maiatzaren Lehenengoko hitzaldian mobilizazio-agenda partekatzeko beharra, pribatizazioaren aurka dauden gainerako sindikatu eta elkarte sozialekin. “Gure esku dagoen guztia egin behar dugu erabaki hori gauzatu ez dadin. Pribatizazioa estatu-kolpea da euskal ekonomia errealaren beharrizanen aurka; urte askoan hartu den erabaki politikorik larriena da. Eta Euskal Herrian hartu da”.
Horretarako, ehunka aldiz errepikaturiko gezur batean oinarritu dira. Gainera, prozesu osoan zehar amarruak eta trikimailuak nagusi izan dira. “Pribatizatzera “behartzen gaituztela” diote. Gezurra. Ez du inork behartzen pribatizatzera. Gauza asko kolokan dago. Egitekotan, oposizio sozialarekin egingo dute topo. Guk, beste batzuekin batera, antolatuko dugu”.