kimika sektorea eae
ELAk, LABek eta UGTk CONFEBASK auzitara eraman dute negoziazio kolektiboan fede txarra izan duelako

Hiru sindikatuek CONFEBASKen jarrera salatu dute, behin eta berriz uko egin baitio sindikatuek sektoreko prekarietatea deuseztatuko duen negoziazioari hasiera emateko egindako eskariari.
2023. urteaz geroztik, sindikatuek mahai bat irekitzea eskatu dute, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen ezarriko dituen hitzarmena negoziatzeko.
2023ko abenduan euskal hitzarmen baterako negoziazio mahaia osatzen saiatu ziren hiru sindikatuak, baina bai Confebaskek, bai Adegik, SEAk, Cebekek eta kimiken estatuko patronalak deialdira ez joatea erabaki zuten. Idazki baten bidez, sindikatuen ekimenaren aurka zeudela adierazi zuten, legedian eta kimikei buruzko Estatuko hitzarmenaren artikuluetan oinarrituta, erabakia justifikatzeko. Sindikatuek gaitzespena agertu zuten mobilizazio ezberdinak eginez eta patronal ezberdinen egoitzen aurrean elkarretaratzeak eginez.
Hala ere, joan den ekainaren 20an, Kongresuan baliozkotu egin zen 2/2024 Lege Dekretua; horren bidez, autonomia-erkidegoetako nahiz probintzietako hitzarmenek aplikazio-lehentasuna izango dute, Estatukoen aldean. Lege-aldaketa hori euskal legebiltzarkideen gehiengo zabalak babestu zuen, eta EAEko sindikatuen aho bateko babesa jaso zuen. Gainera, EAEko patronal ezberdinek ez zuten inolako eragozpenik jarri lege aldaketaren aurrean.
Errealitate legal berriaren aurrean, joan den uztailean berriro deitu zituzten patronalak euskal hitzarmen bat negoziatzen hasteko. Zoritxarrez, patronalek ere ez zuten Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) deitutako bilerara joan nahi izan. ELAk, LABek eta UGTk patronalaren ezezkoa gaitzetsi dute, sektorean lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko edozein aukera oztopatzea baino ez baitu bilatzen.
Confebaskek, bere aldetik, jarrera horrekin erakusten du estatu mailako negoziazioa defendatzen duela, eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikaziorako lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen du.
ELA, LAB eta UGT sindikatuek CONFEBASK auzitara eraman zuten joan den otsailaren 28an, negoziazio kolektiboaren fede onaren aurka agertu zelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege-dekretuaren helburua bete ez zuelako. Patronalari jarrera aldaketa exijitzen diogu eta lehenik eta behin hitzarmen berri baterako mahaia eratzea eta fede onez negoziatzea onar dezala akordio bat lortu arte.
ELAk, LABek eta UGTk hainbat mobilizazio eta kanpaina abiatuko dituzte lantokietan, sektorea aktibatzeko asmoz.