Gipuzkoako Zuraren Industria
ELAk, LABen, ADEGIren eta Arotzgiren gardentasun falta salatu du hitzarmena negoziazio mahaiaren bilera bakarrean adostu dutelako
ELA sektoreko bigarren sindikatua da ordezkaritzaren % 37,5ekin. Probintzia mailako hitzarmena 2001ekoa da, eta 2003an amaitu zen haren indarraldia, eta ordukoa da azken soldata berrikuspena.
ELAk salatu du gaur, 2024ko apirilaren 9an, LABek eta Adegi eta Arotzgi patronalek aurreakordioa lortu dutela Gipuzkoako zuraren industrian bilera bakarra eginda eta negoziazio mahaiari bizkar emanda.
2023ko uztailaren 12an mahaia osatzeko saiakera bat egin zen arrakastarik gabe. Joan den martxoaren 19an, azkenik, Zuraren Industriako negoziazio mahaia eratzea lortu zen. ELAren harridurarako, mahaia osatu zen egunean bertan, patronalek euren proposamena entregatu zuten, sindikatuen plataformak aztertu gabe.
Gaur, apirilak 9, lehen negoziazio bileran, LAB, Adegi eta Arotzgi akordio batera iritsi dira.
ELAk, edukiak militantziarekin aztertu ondoren, ez ditu ontzat ematen. Alde batetik, ez delako izan benetako negoziaziorik mahaian. Bestalde, ez delako bermatzen sinatutakoa aplikatuko denik, eta soldata errealen igoera %0ko delako. Era berean, lanaldiaren murrizketa eskasa da, hitzarmenak jasotzen duen lanaldia handia baita. Gainera, altzarien sektorea kanpo uzten da, hau aldarrikapen historikoa izanik.
LAB eta ADEGIren arteko akordioek hitzarmen okerragoak ekartzen ditu, langileen beharrengandik urrun dauden edukiekin.