"ELAk lan gehiago eta hobe baten alde borrokatuko du, eta soldata gehiago"

2009/02/05
ELAk 2009. urteko negoziazio kolektiboari begira jarraituko duen ildoa azaldu du hedabideen aurrean. Aurkezpenean negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarreal, eta Metala eta Hainbat federazioetako idazkari nagusiak izan dira, Unai Martinez eta Gurutz Gorraiz, hurrenez hurren. ELAko ordezkariek aurreratu dutenez, zaila eta gogorra aurkezten da aurtengo negoziazio kolektiboa. "Patronala saiatuko da oraingo krisitik onura ateratzen, eta horretarako bere errezeta sustatuko du: soldaten neurritasuna, enplegu-maila eta soldatak elkar lotuz".

Joseba Villarrealek nabarmendu duenez, ELAk enplegu gehiagoren eta soldata hobeen aldeko hautua egiten du. "ELAn erasora jotzen dugu, bai, hori baita bide bakarra gure jendearen interesak zaintzeko. Gure jomugak dira soldatak, gizarte-gastua eta justizia soziala. Eta, azken batean, aberastasuna modu zuzenagoan banatzea".

ELA ez doala gobernu eta patronalaren norabide berdinean dio Villarrealek. "Argi izan behar dute ez goazela ontzi berean, gure interesak eta beraienak kontrajarriak direla. Gure aldetik, bitarteko guztiak erabiliko ditugu langileon interesak defendatzeko".  Administrazioaren jarrera ere gogor salatu du. "Enplegu-erregulazio espedienteak bideratzeko modua oso adierazgarria da; herri administrazioak patronalaren esanetara daude".

Villarrealek azaldu duenez soldatak eta enplegua ez dira izan krisiaren sortzaileak. "Hazkundeko azken 15 urteotan ekonomiako eliteek —herri-administrazioen laguntzaz, bultzadaz eta babesaz— merkatua kasino bihurtu dute. Eta orain, irabazterik ez dutenez, batzuek oraindik bai hala ere (banka, kutxak, enpresa asko), lazeria sozializatu nahi dute. Azken 15 urteetan lan-errentek BPGean zuten partehartzea 6 puntutan erori da, eta %54tik %48ra aldatu da; beraz, ozenki esan dezakegu ez soldatek, ez enpleguak, ez dutela inolako errurik izan krisi honetan. Hori horrela izan arren, herri-administrazioek eta patronalak proposatzen dituzten neurriak betiko neurriak dira, baina orain inoiz baino zorrotzagoak: enplegua bortizki doitu, kaleratzeak, EEEak (enplegu-erregulazioko espedienteak), soldatak murriztu eta moteldu, malgutasuna ezarri edo areagotu, beherapen fiskalak (enpresetarako)…"

Krisiaren ondorioak langileoi ordainarazi nahi dizkigutela salatzen du negoziazio kolektiboko arduradunak. " Berriro ere, aurreko krisi guztietan bezalaxe, langileoi ordainarazi nahi dizkigute ondorioak, errudunak beste batzuk izan arren. ELAn argiro esaten dugu ez ditugula horrelako xantaiak onartuko, ez dugula utziko lan-merkatua are gehiago prekarizatzen, nahikoa prekazioa bada dagoeneko, ez dugula onartuko egitura-neurririk garai jakin bateko arazoak konpontzeko. Patronalak ez du politikaz aldatu gura, betiko bidetik jarraitu nahi dute, kontzertazio soziala eskatzen dute, erabateko malgutasuna lortzeko, eta gainera, beherapen fiskalak, kotizazioak jaitsi, kaleratzeak merketu, eta abar. Azken batean, betikoa baina orain gehiago, zenbat eta gehiago araugabetu gauzak, orduan eta etekin ugariago. Argi dago gobernuak eta patronala eskutik doazela, bai hazkunde-garaian, bai krisi-garaian. Bat datoz gauza guztietan, norabide bereko neurriak eta mezuak zabaltzen dituzte, badirudi interes komunak dituztela. ELAn aspalditik ikusita daukagu Eusko Jaurlaritzak bazter batera utzi duela bere gizarte-ardura, eta egoera honetan are nabarmenagoa da".

Administrazioaren jarrera ere gogor salatu du ELAko ordezkariak.  "Administrazioak krisiaren aurkako neurriak lau haizeetara erakusten ditu, baina neurri horiek ez dira jendearenganaino heltzen. Kutxetan eta bankuetan dirua eurrez sartzen du, baina bankak bere zuloak estaltzeko erabiltzen du, familien kontsumoa suspertu beharrean, edo likidezia-arazoak dituzten enpresei finantzazioa eskaini beharrean. Hipotekak murriztuko direla iragarri dute, baina hori ez da zehaztu. Trumoi asko eta euri gutxi. ELAren iritziz, sistema bera dago krisian; baina iragarritako neurrietatik batek ere ez du sistema zalantzan jarri. ELAn badakigu zein den ibili beharreko bidea: fiskalitate progresiboa, gizarte-gastua handitzea, zorpetze publikoa areagotzea, eta finantza-merkatuan esku-hartze publiko handiagoa".

Villarrealek negoziazio kolektibo eraginkorra egitearen garrantzia azpimarratuz amaitu du aurkezpena. " Patronalak onura atera nahi dio krisialdiari, eta horretarako bere errezeta saldu nahi digu: soldaten neurritasuna, eta enplegu-maila soldata-mailarekin lotzea. Guk, gure aldetik, ez dugu onartuko negoziazio kolektiboa krisiaren baldintzapean jartzea, eta aurre egingo diegu soldata-murrizketari, malgutasunari eta prekarietateari. Gure eskakizunak ez dira apalduko, eta KPIren gaineko soldata-igoerak, behin-behinekoen finkotasuna (funtsezkoa oraingo egoeran), prekarizazio-elementuak ezabatzea (eskala bikoitzak, azpikontratak), eta lanaldi-murrizketak eskatzen jarraituko dugu. Laburbilduz, ELAk enpresa bakoitzaren egoera eta ezaugarri bereziak kontuan hartuz ekingo dio negoziazio kolektiboari".