ELAk Lan Ikuskaritzan salatuko du DEIA egunkariaren zuzendaritzak greba eskubidea urratu izana

2022/03/14
ELAk salatu du Deiaren zuzendaritzak greba eskubidea urratzen ari dela egunkari honetako langileen greba mugagabearen lehen egunean. Lanuztearen arrazoia da enpresak Boroako errotatiban egin nahi dituen 26 kaleratzeak. Egunkaria doan eskaini du sare sozialetan eta webgunean, eta lanera agertu ez diren langileak ordezkatzeko saioa ere egin du. Horregatik, sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatuko du DEIA greba eskubidea urratzen ari dela.

Nolanahi ere, grebaren jarraipena langileen aldetik oso handia da. 2009tik hona DEIAko langileek soldata jaitsierak eta baldintzen murrizketa jasan dituzte; enpresak behin eta berriz esan die horren truke kaleratzerik ez zela izango; haatik, orain Editorial Iparraguirre enpresaren langileen %25etik gora kaleratu nahi ditu.

Halaber, enplegu-erregulazio espedientea negoziatzeko mahaia gaur eratuko da. Enpresa-batzordeak lanpostuen eta lantalde guztiaren eskubideen alde egingo du hor. Bestalde, greba mugagabearen deialdiak bere horretan jarraituko du.