ELAk lan prekarietatearen aurkako kanpaina hasi du Erriberan

2022/07/21
“Prekarietatearekin bukatu behar dugu!” lelopean, sindikatuak Erriberako lan egoera aztertzen duen buletin bat postontzietan jarriko du.

Erriberako errealitatea kezkagarria da. Lan prekarietatea onartezina da, eta biztanleriaren zati handi bati eragiten dio. Ez dago prekarietatetik libratzen den sektorerik: soldata baxuak daude nekazaritzako elikagaien industrian eta zainketen sektorean, lanaldi partzialak industrian, ostalaritzan eta merkataritzan. Horri autonomo faltsuak eta kooperatiba faltsuak gehitu behar zaizkio. Administrazioa ere ez da libratzen, ezegonkortasun eta behin behinekotasun izugarriarekin.

Datuek erakusten dute egoera okerragoa dela hemen Nafarroa osoan baino: batez besteko soldata 4.000 euro txikiagoa da Goi Erriberan eta 3.000 euro txikiagoa Erribera Baxuan Nafarroako batez bestekoa baino, eta langabezia handiagoa da Nafarroako orokorra baino. Gainera, pertsona guztiei ez die berdin eragiten, emakumeek, migratzaileek, arrazializatuek eta gazteek are lan baldintza okerragoak pairatzen dituzte.

Lan prekarietateak beste arazo sozial batzuk dakartza, hala nola etxebizitza eskuratzea, bazterkeria edo familia ahulenetako gazteentzako prestakuntza aukerarik eza, eta honek, aldi berean, belaunaldiz belaunaldi arazoa larriagotzen du.

ELAk ez du egoera hau onartzen eta egunez egun gizarte berdinago baten alde borrokatzen du. Nafarroa osoan ordezkaritza homogeneoa du ( %23 ingurukoa), baita Erriberan ere, eta horrek UGTren eta CCOOren sindikalismo otzanaren aurrean benetako errebindikazio alternatiba bakarrean bihurtzen du.

Horregatik, ELAk Erriberako lan prekarietatea salatu eta borrokatzeko kanpaina hasiko du. Lan prekarietatearekin bukatu behar dugu! lelopean, sindikatuak Erriberako lan egoera aztertzen duen buletin bat postontzietan jarriko du, egoeraz jabetzeko eta sindikatuak dituen proposamenak eta alternatibak lantzeko. Premiazkoa da erriberako biztanleen lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokatzea.