ELAk Lanbideko Mahai Teknikoa utzi egin du gaurkoan

2016/04/20
ELAren ustez onartezinak eta oso kezkagarriak dira, Jose Andres Blasco Lan Sailburuordeak atzo Lanbideri buruz esandako hitzak, lan bitartekaritza edota aholkularitza zerbitzuen pribatizazioa bultzatzeko asmoa iragarri baitezakete, langileen lan baldintzen okertzea eta horren ondorioz, euskal Enplegu zerbitzu publikoaren kalitatearen gainbehera.

Gero eta agerikoagoa da, 2015eko irailean LAB, CCOO eta UGT-k Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak ez zuela Lanbideko auzia konpondu. Ez zituela langileen lan baldintzak bermatzen, ez eta herritarrei eskainitako zerbitzua ere.

Sinatu zenean ohartarazi genuen akordio hura ixteko premiek ondorioak eragingo zituztela, eta orain agerikoa den antolaketa anabasa ekarriko zuela.

Akordio haren sinadurak Lanbideko langileen desmobilizazioa eragitea besterik ez zuen lortu. Ordutik, Eusko Jaurlaritzak 24 langile kaleratu ditu, eta irailean adostutako akordioaren babespean erabaki negargarriak hartu ditu, erakundearen jarduna hankaz gora jartzeraino.

Sinistezina iruditzen zaigu Blasco jaunak euskal Enplegu zerbitzuaren eraginkortasunik eza azpimarratu izana, erabiltzaile soila balitz bezala, bera egoera honen arduradun zuzena delarik, Lan Sailburuorde den unetik bertatik.

Horregatik guztiagatik, eta egoeraren larria salatzeko, ELAk Lanbideko Mahai Teknikoa utzi egin du gaurkoan, Lanbiden ordezkatuta dauden beste hiru sindikatuekin batera.

ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio Euskal Enplegu Zerbitzu PUBLIKO eta kalitatezko baten aldeko apustu garbia egin dezan. Euskal herritarroi kalitatezko enplegu zerbitzu integrala eman ahal izateko baliabide nahikoak esleitu ditzala, areago egungo egoera ekonomikoan hain beharrezkoa delarik.