Adierazpen euskarafoboak

ELAk Lander Martinez Sumarreko diputatuari bilera eskatu dio Espainiako Osasun ministroari zuzenketa eskatzeko

2025/10/09
ELAk Lander Martinez Sumarreko diputatuari bilera eskatu dio Espainiako Osasun ministroari zuzenketa eskatzeko
Mónica García Osasun ministroak adierazi du euskara meritu gisa jasotzeak ekitate arazo bat eragiten duela. Hizkuntza eskubideak gutxietsi, eta euskara bigarren mailakotzat du ministroak, ELAren esanetan. Osasun alorreko langile guztien prestaketa Hego Euskal Herrian egin ahal izatea ezinbestekoa da sindikatuaren ustez, denon eskubideak bermatzeko eta Euskal Herriko profesional kualifikatuen beharrari erantzuteko.

Monica García osasun ministroak atzo uko egin zion euskara mediku egoiliarren oposizioetan (MIR gisa ezaguna) meritu gisa jasotzeari. Hitzez hitz adierazi zuen neurri horrek ekitatea urratuko lukeela. ELAk dio Osasun ministro moduan, Monica Garcíak ez duela bermatzen herritar guztiek beren hautazko hizkuntzan artatuak izatea, eta ez du bermatzen ere medikuek euskaraz lan egin ahal izatea. Hau da, ez ditu hizkuntza eskubideak aintzat hartzen.

Era berean, gehitu du sindikatuak, García ministroak ezkutatu egin du mediku egoiliarren oposizioetan parte hartzen duten guztiei gaztelania inposatzen zaiela. Izan ere, oinarrien arabera: “Hizkuntza ofiziala gaztelania ez duten estatuetako izangaiek hizkuntza hori nahikoa badakitela erakutsi beharko dute titulu ofizial baten bidez. Titulu horrek egiaztatu beharko du eskuratutako maila, gutxienez, C1 dela, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko sailkapenaren arabera”.

Hego Euskal Herriko Sumarreko kideek salatu izan dute medikuei gehiegizko euskarazko ezagutza eskatzen zaiela, Osakidetzan gehienez B2 maila eskatzen denean lanpostu batzuetan (C1 mailaren azpitik) eta Osasunbidean euskarazko eskakizunak edo merituak erabat marginalak direnean. Sumarrentzat eta osasun ministroarentzat, aldiz, ez du inongo ekitate faltarik eragiten gaztelania lanpostu guztietan eskatzeak eta C1 maila exijitzeak, EGAren parekoa denak, euskararena gutxiago izanagatik ere.

Beraz, osasun ministroak erabat normalizatzen du gaztelania derrigortu eta euskara ekitate ezaren eragile moduan plazaratzea. Horrek erakusten du Garciak ez dituela hizkuntza eskubideak errespetatzen, eta euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen duela.

Era berean, osasun ministroaren adierazpenek erakusten dute ez duela inongo ezagutzarik osasun arreta eta hizkuntzen harira, nazioarteko hainbat ikerketek erakusten dutena: ikerketa horiek frogatu eta gomendatzen dute norbere hizkuntzan artatuak izateak osasun arretan hobekuntzak eragiten dituela, baita osasun emaitzetan ere. Horregatik, ELAren iritziz, mediku egoiliarren prestakuntza prozesuan, herritarren jatorrizko hizkuntzaren ezagutza ere txertatzea ezinbestekoa da, beste ezagutza teknikoak jasotzen diren legez. Horrek bermatuko luke, gainera, herritar guztiekin hautazko hizkuntzan lan egitea.

ELAk bere ezinegona helarazi dio Sumar Mugimenduari, eta Kongresuan Sumarren diputatu den Lander Martinezi bilera eskatu dio egoeraren berri izan dezan eta osasun ministroaren erabakia zuzendu dezan.

Azkenik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die Espainiako gobernuari exijitu diezaiotela osasun langile guztien prestakuntza, medikuena barne, Hego Euskal Herrian egin dadin. Profesional falta ezin da ulertu Espainiak inposatutako hautaketa sistema kontuan izan gabe. Eta, horrez gain, prestakuntza prozesuak erantzun beharko lieke euskal herritarren osasun arreten beharrari, euskarazko arreta barne, eta horretarako egoiliarren prestakuntza euskal instituzioek egitea ezinbestekoa da.