3P BIOPHARMACEUTICALS
ELAk langile gehienentzako KPIaren gaineko igoerak lortu ditu lehen hitzarmenean

Hainbat enpresa-itun negoziatu ondoren, enpresa batzordeko gehiengo sindikala osatzen duten ELAko zazpi ordezkariek 3P Biopharmaceuticalsen lehen hitzarmena sinatu dute Noaingo zentrorako (300 langile baino gehiago daude). Lan-erreformaren aurrean blindatutako akordioa da, hau da, enpresak ezin du aplikatu batzordearekin adostu gabe. Ultraaktibitate mugagabea ere badu.
2023rako soldata-igoera lineala da plantilla osoarentzat, 1.382 eurokoa Txanda Orokorrarentzat eta 1.614 eurokoa Txanda Jarraituarentzat, eta batez besteko soldataren % 5,7 suposatzen du. Beraz, soldata-talde baxuenen igoerak aurreko urteko KPIa baino nabarmen handiagoak dira, 2023rako % 7ra ere iritsiz. Hau da, langileen gehiengo zabalak KPIaren gaineko igoerak lortzen ditu. Gainera, ordainsari aldakorra igotzea adostu da.
Beste alderdi aipagarri batzuk:
- Primaren eredua aldatu egin da antzinatasunagatik, eta urte bakoitzeko 35 € ordainduko dira lehenengo hirurtekotik aurrera.
- Lanaldia murriztu egin da, langile guztientzat norberaren asuntoak egiteko beste egun bat gehitu baita.
- Txanda zatituko lan-ordutegia hobetu da, ostiralak 7 orduko lanaldi jarraitua baitira.
- Gauekotasunagatiko, larunbat, igande edo jaiegunetako lanengatiko, kilometrajeagatiko eta guardiengatiko soldata-plusak handitu dira.
- Bajengatiko osagarria hobetu egingo da, aldi baterako ezintasuneko lehen hiru egunetan gora egingo baitu, soldataren % 50etik % 70era.