ADMINISTRAZIO PUBLIKOA

ELAk langile guztiak egonkortzeko eta euskalduntzeko proposamena egingo dio osatzeke dagoen Hizkuntza politikarako sailari

2024/05/08
ELAk, duela bi urte, langile guztiak egonkortzeko eta administrazioak euskalduntzeko proposamen bat luzatu zion Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailari. Ez zuen erantzunik jaso, ordea. Orain, beste saiakera bat egingo du eta bilera bat eskatuko dio Hizkuntza Politikarako Sailari.

Izan ere, ELAk dio etorkizuneko Eusko Jaurlaritzak bere aukera eta betebehar nagusien artean duela aldi baterako langile publiko guztiak egonkortzea eta euskalduntzea. Horregatik, hizkuntza politiken arduradunei bilera bat eskatuko die kargua hartu bezain laster. Sindikatuaren eskaera argia da: hizkuntzaren gaia desjudizializatzea eta behin-behineko pertsonen lan eta hizkuntza eskubide guztiak errespetatuko dituen hizkuntza politika ezartzea.

Era berean, ELA kritiko agertu da CCOOren eta UGT sindikatuen jarrerarekin. "Sindikatu euskarafoboek diote kontrajarria dela behin-behineko langileak mantentzea eta administrazioak euskalduntzea", deitoratu du ELAk. Ez du gauza bera pentsatzen ELAk, ordea. Bere ustez, beharrezko baliabideak esleitzen baldin badira, malgutasunez eta denboraren kudeaketa egokiarekin, bi helburuak guztiz bateragarriak dira.

Hona hemen ELAren proposamena euskaraz ez dakiten aldi baterako langileentzat:

  • 55 urte baino gehiago duten behin-behineko langileak zuzenean egonkortzea eta erretiroa hartutakoan derrigortasun data ezartzea.

  • 45 urtetik gorakoen kasuan langileak egonkortzea eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna lortzeko 4 urteko epea ematea, baita euskara ikasteko laguntza eta denbora ere. Formazioa jaso izana egiaztatuko balitz eta epe horretan dagokion hizkuntza eskakizuna lortzerik izan ez balu, euskara maila bat baxuagoarekin egonkortasuna ontzat ematea (esaterako C1 eskatzen den lanpostu batean B2a izatea), eta langileak erretiroa hartzean lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna berrezartzea.

  • Eta 45 urtetik beherakoentzat, langileak egonkortzea eta 4 urteko epea ematea euskara ikasteko lanpostuan eskatzen den perfila ateratzeko, horretarako laguntza ekonomikoak eta denbora eskainita.

Era berean, gogoratu behar da ELAk Osakidetzan irabazitako Europako epai batek lanpostua egonkortzeko aukera zabaldu ziela behin-behineko kontratuen iruzurra jasan duten milaka langileri. ELA da langile guztiak egonkortzearen aldeko apustua egiten duen sindikatu bakarra, eta horregatik, oposizio handi guztien aurka jo du, estabilizazio legeak esandakoa ez betetzeagatik.

Gainera, ELAk uste du Eusko Jaurlaritzaren euskararen dekretu berriak ez duela segurtasun juridikorik ekarri. Sindikatuaren ustez, "Jaurlaritzaren eta epaile euskarafoboen utzikeriak" eragotzi egiten du administrazioa egonkortzea eta euskalduntzea gauzatzea. Bide beretik, kexu da CCOO eta UGT administrazioetan euskararen ezagutza jaisteko kanpaina bat egiten ari delako. "Ontzat ematen dute beste edozein ezagutza erakusten ez denean langileak kaleratu ahal izatea, euskarak bakarrik sortzen die arazo bat".
Horren aurrean, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurri ausartak hartzeko eta “ez uztea euskalduntzea langileen bizkar".