Plásticos Brello – Huarte

ELAk langile guztiak kaleratzeko espedientea gaitzetsi eta plantillaren babesgabetasun egoera salatzen du

2024/07/04
Enpresako zuzendaritzak egun batetik bestera itxi ditu instalazioak, aldez aurretik jakinarazi eta justifikatu gabe, lanpostuak airean utziz.

Plásticos Brello automobilgintzarako piezak fabrikatzen dituen enpresa bat da, eta 18 pertsonako plantilla du, ELAk ordezkatuta. Enpresako zuzendaritzak EEE bat aurkeztu du langile guztiak kaleratzeko.

ELAk EEEa errefusatu du eta enpresak erabilitako forma eta eduki falta salatu ditu. Izan ere, enpresak instalazioak itxi ditu aldez aurretik abisatu gabe eta plantillako 18 pertsonak kaleratzeko inolako justifikaziorik gabe.

Plantillaren babesgabetasun egoera onartezina da, egun batetik bestera kalean eta euren lanpostuekin zer gertatuko den jakin gabe gelditu direlako. Dakiten bakarra lantokia itxita dagoela da enpresaren aldebakarreko erabaki baten ondorioz.

ELAk enpresaren erabakia errefusatu du eta lanpostuen alde borrokatuko duela iragarri du. Gainera, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio enplegua mantentzearen alde egin dezan.