ELAk lantokietan areagotu egingo du borroka lan erreformak oraindik ere babesten dituen estatalizazioaren eta kaleratzeen kontra

Hau iragarri dute gaur Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Pello Igeregik (Negoziazio Kolektiboa) eta Mari Cruz Elkoro Zerbitzuakeko idazkari nagusiak.
Mitxel Lakuntzaren esanetan, “ELArentzat Zapateroren eta Rajoyren erreformak indargabetzeko borroka ez da amaitu. Batetik, ELAk jarraituko du EAJri eta EH Bilduri eskatzen erreforma honetan ukitu gabeko gaiak (kaleratzeak, EEEak, hitzarmenen lehentasuna…) lehenetsi ditzaten espainiar Gobernuarekin izango dituzten negoziazioetan. Bestalde -esan zuen Lakuntzak-, Espainiako Gobernuak eta erreforma onartu duten alderdiek langile-klaseari mezu argi bat helarazi diote: 'ez dizuegu erraztasunik emango; ez dugu patronala gogaituko, ez eta eskubiderik berrezarriko ere; legez ukatzen dizueguna beti bezala borrokatuz lortu beharko duzue'”.
“Estatuko greba guztien %42 eta greba medio galdutako egunen %45,7 EAEn izan dira -adierazi zuen Pello Igeregik-. Honi Nafarroako datuak erantsiz gero, ondorioa da CCOO eta UGT batera dauden lekuetan adina greba dagoela ELA presente dagoen eremuetan. CCOOen eta UGTren misioa EAEn da mobilizazioa indargabetzea, langileen indarra moteltzea”. Igeregik 2022rako negoziazio kolektiboari buruzko txostena aurkeztu zuen; bertan “etorkizun zaila” iragartzen du: “pandemiaren ondorioak lan munduan, lehengaien garestitzea, hornitzeko arazoak eta KPI altuek areago konplikatuko dute negoziazio kolektiboa. Izan ere, patronalak KPI altua (%6,5 2021ean) baliatu nahi du jendearen eros-ahalmena inondik ere gehiago murrizteko”.
-
EAE
Estatua
Greba kopurua
193
451
Lan egin gabeko egunak
129.260
282.817
Iturria: Lan Harremanen Kontseilua (2021eko datuak)
“Beraz -nabarmendu zuen Igeregik-, gure eginkizuna izango da negoziazio kolektiboa edukiz betetzea”. ELArentzat hitzarmenetan honako puntuak sartu beharrekoak dira:
1. KPIz gaindiko soldata igoerak aberastasunaren banaketan pisua irabazteko; Euskal Herrian hitzarmeneko gutxieneko soldata 18.200 euro izan behar dira, eta igoerak lortu, soldata-arrakala leuntzeko.
2. Prekaritatearen kontrako neurri eragingarriak, batik bat subrogazio eskubidea eta arlo publikoan behin-behineko iruzurrezko kontratuekin diharduen jende guztiaren kontsolidazioa.
3. Lanaldiaren murrizketa gatazken ardatz bihurtzea, digitalizazioak ez dezan lanposturik suntsitu.
4. Lan erreforma negoziazio kolektiboaren bidez indargabetzeko neurriak, esaterako ELAren klasusula hitzarmenen aplikazioan salbuespenik ezar ez dadin.
“Gogoratu beharra dago -erantsi zuen Igeregik- 2022 urtearekin batera ELAren Erresistentzi-Kutxa kontsolidatu egin dela: gutxieneko ordaina greba hileko 1.243,59 euro dira; 1.430,13 euro, afiliazio altua duten sektore eta enpresetan. Afiliazio maila altua eta antolakuntza ona izango dira, aurten ere, negoziazio kolektiboko oinarriak”. Diagnostikoa osatzeko, Mari Cruz Elkorok ezinbesteko genero ikuspuntua aztertu zuen: “sektore feminizatuak atomizatuta daude eta azpikontratatu egin ohi dira; hor patronalak lan erreformetako tresnak baliatzen ditu negoziazioa blokeatzeko”. Bestalde, “sektore feminizatu asko oinarrizko zerbitzu gisa hartzen dira: zahar-etxeak, etxez etxeko laguntza, garbitasuna, ostalaritza, eskola-jantokiak… Horregatik, greba eskubidea eta gatazkarako aukera zeharo murrizten da, edo izatez debekatuta geratzen da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituzten gutxieneko zerbitzuen ondorioz”.
Gainera, Elkorok nabarmendu zuen estatu mailako hitzarmenek eragiten duten prekaritatea, are larriagoa sektore feminizatuetan; hau erreformak ez du aldatu. “Yolanda Diaz ministroak esan duena, hau da, oraingo erreformarekin prekaritateari aurre egin nahi zaiola, ez da egia; inola ere ez”. Elkorok bi datu oso larri aipatu zituen lan erreformaren aitzindariei gezurtatzeko:
“Eskola-jantokietako beharginei ostalaritzako hitzarmen probintziala aplikatu ordez sukaldaritza kolektibokoa ezarri zaie, estatu mailakoa: Bizkaian orduko 11,49 euro jaso orez orduko 7,6 euro kobratuko dute, eta urtean 50 ordu gehiago sartu. Beste kasua Bulego eta Despatxuen sektorea da, non aurrera eragina bukatuta, hitzarmenaren indarraldia desagertu eta estatu mailakoa aplikatzen hasi den. Kategoriaren arabera, langileek urtean 3.000 eta 5.000 euro gutxiago irabaziko dute”, UGTk eta CCOOk Madrilen sinatu dituzten akordioen ondorioz; hots, EAEn ordezkaritzaren %30era ere iristen ez diren bi sindikatuek sinatutakoari esker.
2022an negoziatu beharreko enpresa hitzarmenak
|
BIZKAIA |
ARABA |
GIPUZKOA |
NAFARROA |
ZERBITZU PUBLIKOAK |
19 |
7 |
14 |
5 |
INDUSTRIA |
114 |
52 |
81 |
63 |
ZERBITZU PRIBATUAK |
30 |
5 |
9 |
5 |