TECNOCONFORT (IRUÑA)

ELAk lanuzte partzialak deitu ditu biharko

ELAk lanuzte partzialak deitu ditu biharko
ELAk lege urraketak, segurtasun gabeziak eta zuzendaritzaren jarrera “autoritarioa” salatu ditu. ELAk lau orduko lanuzte partzialak deitu ditu txanda bakoitzean biharko, maiatzaren 8rako, Iruñeko Tecnoconfort enpresan. Lan baldintzak hobetzea eta lantegiko segurtasun neurriak eskatzeko.

Maiatzean gaude eta langileek oraindik ez daukate urteko egutegia, nahiz eta legez derrigorrezkoa izan. Horrez gain, libre aukerako egunen kudeaketan iruzurra dago, eta gatazka epaitegietara eraman behar izan du ELAk, elkarrizketaren bidez konpontzeko hainbat saiakera egin ondoren.

ELAk kezka agertu du segurtasun neurriak gero eta gutxiago betetzen direlako. Azken egunotan lantegian apalategi bat erori dela gogorarazi du, eta gertakariak ondorio larriak izan zitzakeela.

Zuzendaritzaren “deriba autoritarioa” salatu dute ordezkari sindikalek, baita langileei ezarritako zigor neurrigabeak ere, kaleratze bat barne, plantilla osoa beldurtzeko helburuarekin.

Lanuzteak goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan egingo dira, eta langileek elkarretaratzea ere egingo dute enpresako sarrera nagusiaren aurrean, 10:10etik 10:30era.

Tecnoconfort Iruñeko enpresa bat da, eta automobilgintzako eserlekuetan zorroak jartzen dituzte. 300 langile inguru ditu, eta ELAk batzordean dauden 13 ordezkarietatik 4 ditu.