PALESTINA

ELAk lanuztea deituko du urriaren 15ean enpresei, Jaurlaritzari eta Nafarroako zein Espainiako Gobernuari Israelekin harremanak etetea eskatzeko

2025/09/30
ELAk lanuztea deituko du urriaren 15ean enpresei, Jaurlaritzari eta Nafarroako zein Espainiako Gobernuari Israelekin harremanak etetea eskatzeko
Euskal alderdiek Israelen aurkako boikotaren baldintza jarri behar dute Sanchezen Gobernua babesteko bozketa guztietan. Euskal Herriak gaitasun aski erakutsi du bere kabuz mobilizazioak antolatzeko, Palestinaren inguruan neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzeko

Hego Euskal Herrian lanuzteak deituko ditu ELAk urriaren 15ean, Gobernuei eta enpresei Israelekin harreman guztiak etetea eskatzeko. Hori lortzeko interpelazio zuzena egingo die Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari zein Espainiako Gobernuari. Palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko tresna guztiak erabili behar dira, eta une honetan Euskal Herriko alderdiek erabaki behar dute bai Gasteizen eta Iruñean, bai Madrilen noraino eramango duten konpromiso hori. Alegia: euskal alderdiek Israelen aurkako boikotaren baldintza jarri behar dute Sanchezen Gobernua babesteko bozketa guztietan. Bestetik, ELAk salatu du Trumpek eta Netanyahuk palestinarrei egindako azken xantaia, eta batez ere, Sanchezen Gobernuak horri emandako babesa.

ELAk uste du euskal langileek estutu behar dituztela hemengo erakundeak eta enpresak neurriak har ditzaten Palestinako genozidioa gelditzeko. Bere ahots propioarekin. Izan ere, Euskal Herriak erakutsi du Palestinaren alde mobilizazio bereiziak egiteko gaitasuna duela, bestelako mezu batekin: ezin zaio Israeli ezer ere ez erosi, ez saldu. Euskal Herrian mobilizazioak Israelekiko erabateko boikota babesteko egiten dira, eta ELArentzat ezinbestekoa da mezu hori nagusitzea.

Deialdiak Madriletik datozenean azken 30 urtetan egin den bezala, ELAk proposatu zuen urriaren 13an lanuzte orokorrak deitzea Euskal Herrian, Espainiar estatuko eskaerak baino aldarrikapen zehatz eta engaiatuagoekin. ELAren nahia zen –LABekin batera–, Espainiako erregimen sindikalak Sanchezen Gobernua babesteko deitu dituen mobilizazioetatik kanpo lanuzteak deitzea. Hala ere, LABek ez du nahi izan, eta lehenetsi du Espainiako sindikatuei jarraitzea.

Gauzak horrela, eta genozidio baten aurrean, ELAk ez ditu langileak deialdi ezberdinen artean hautatzeko atakan jarri nahi, eta horregatik, urriaren 15erako lanuzteak jorratuko ditu, beti ere Madrileko deialdikoak baino eduki zehatz eta eraginkorragoak proposatuta. Bide horretan, beste eragileak bilatuko ditu. Azken finean, helburu nagusia da Israelekin harreman komertzial guztiak etetea eta Palestinako genozidioa geldiarazteko neurri zehatzak hartzea.