ELAk larritzat jo du BASALAN Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa publikoan lan istripuaren ondorioz izandako heriotza

2016/09/29
ELAk babes eta elkartasun osoa adierazi nahi du gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan enpresa publikoan gertatutako lan-istripuaren biktimaren senitarteko, lagun eta lankideei. 33 urteko A.G.O. da hildakoa. Gertatutakoa ikusita, Osalani eta Lan Ikuskaritzari ezbeharraren arrazoiak argitu eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona eskatzen die.

Lan istripu hau are larriagoa da enpresa publiko batean suertatu delako eta Bizkaiko Foru Aldundia delako gertatutakoaren azken erantzulea. 

Hori dela eta, ELAk, Bizkaiko Foru Aldundiko sindikatuen arteko bilera deitu du biharko, lan heriotza honen aurrean dagokion erantzuna emateko.

ELAk laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak lan prekarietatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan-eredu honen ondorio zuzena dela salatzen du. Basalanen ere lan baldintza gero eta prekarioagoak jasaten dituzte langileek. Prekarietate hau, gainera, administrazio publikoek ezarritako murrizketen ondorio zuzena da. Enpresek,  orokorrean, beste ezeren gainetik bere irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz. 

ELAk garbi dauka gizarte arazo larri honen irtenbidea langileriari enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzean dagoela, horregatik Eusko Jaurlaritza eta ardura daukaten beste erakundeei eskatzen die helburu horretara bideratu ditzatela behingoz neurri erreal eta eraginkorrak ezarri, nahiz segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen bete-gabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren errekurtso guztiak.